Politika -

KATALUNIA

Kataluniako presidente berria erabakitzeko, aste erabakigarria

Datorren astelehenerako dago deituta presidente berria izendatzeko bilkura Kataluniako Parlamentuan. Oraingoz, ez dago horren inguruko adostasunik.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Junts pel Sik eta CUPek aste honetan adostu beharko dute Kataluniako presidente berria izateko proposatuko duten hautagaia nor izango den. Izan ere, datorren astelehenerako dago deituta presidente berria izendatzeko osoko bilkura Kataluniako Parlamentuan. Oraingoz, ez dago gai horren inguruko adostasunik, eta ez dago erabakita Artur Masek presidente izaten jarraituko duen. CUPek asteon batzar irekia egingo du militante eta jarraitzaileekin, gaia aztertzeko.

Bitartean, Convergencia alderdiak barrura begirako hausnarketa prozesua abiatu du. Otsailaren inguruan ezohiko kongresua egingo du alderdiak, goitik beherako berregituraketa egiteaz gain, iraganarekin hausteko asmoz, eta horretarako, ez dute baztertu, besteak beste, alderdiaren izena eta proiektua aldatzea. Buruzagitza ere berritzea nahi dute Convergenciako jarraitzaileek.

Hori guztia baino lehenago, dena dela, zeresan handia emango duen beste osoko bilkura bat hartuko du Kataluniako Parlamentuak; CUP eta Junts pel Si alderdiek joan den astean adostutako adierazpen independentista onartzeko saioa egingo dute bertan. PPk dagoeneko iragarri du ahalegin guztiak egingo dituela adierazpen hori onartzea eragozteko, eta horretarako helegite bat aurkeztuko du Auzitegi Konstituzionalean, osoko bilkura bertan behera uztea eskatzeko.

Bide beretik, Mariano Rajoyk bilera erronda abiatu zuen joan den astean alderdi politikoetako buruzagiekin, Kataluniako prozesu independentistari aurre egiteko. Gaur, Alberto Garzon Izquierda Unidako buruarekin du hitzordua, eta bihar, UPyDko eta Unioko buruzagiekin.

EAJk iragarri du ez duela parte hartuko erronda horretan. Andoni Ortuzar jeltzaleen presidenteak atzo esan zuenez, ez dira Moncloara joango Espainiaren batasunaren defentsaz mintzatzera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia