Politika -
ESTRADIZIOA
Alemaniak Tomas Elgorriaga estraditatu du Frantziara
Parisek emandako euroagindu baten ondorioz, 2014ko urrian atxilotu zuten Elgorriaga Friburgon (Alemania), ETAko kide izatea egotzita. 2001etik bizi zen Alemanian.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Tomas Elgorriaga Kunze 2014ko urrian Alemanian atxilotutako ETAren ustezko kidea estraditatzeko agindua eman du gaur Karlsruheko Lurralde Auzitegiak. Parisek emandako euroagindua onartu eta Elgorriaga Frantziara bidean jarri du, bertan 17 urteko kartzela zigorra bete dezan.
Alemaniako justizia auzitegiak ohar batean azaldu duenez, "2000-2004 urteen artean erakunde armatuaren talde logistikoko ekipamendu elektronikoaren arduraduna izateagatik, eta epe horretan, atentatuak prestatu eta dokumentuak faltsutzeagatik" zigortu zuen Frantziak, auzi-iheseko epaiketa batean.
Hain justu, Parisek hura bilatzeko eta atxilotzeko euroagindu baten ondorioz, 2014ko urrian atxilotu zuten Friburgon. 2001etik han bizi omen zen Elgorriaga, agiri faltsuak zituela.
Euroagindua onartzeko bi baldintza jarri ditu Alemaniak. Batetik, haren kontrako epaiketa berri bat egitea (zigortu zutenean ez zegoen han) eta ezarriko dioten zigorra 10 urte baino gehiagokoa ez izatea.