Politika -
Aho batez
Eusko Legebiltzarrak Paris eta Maliko erasoak gaitzetsi ditu azkenean
Ganberako presidenteak eskatuta, testua alderdi guztiek sinatu dute azkenean. “Indarkeria, jatorria kontuan hartu gabe, ezin zurituzko ekintza da beti”, azpimarratu du adierazpenak.
Agentziak | Erredakzioa
Pariseko eta Maliko atentatu jihadistak gaitzesteko adierazpena adostu du Eusko Legebiltzarrak azkenean. Aurreko egunetako desadostasunak alde batera utzi eta alderdi guztiek aho batez adierazpen bat onartu dute.
Iragan ostegunean desadostasunen berri eman zuten komunikabideek. Parisko erasoak errefusatzeko testu bat gainerako taldeei igorri zietela jakinarazi zuten sozialistek. Euskadik ere ?urte askotan zehar fanatismoaren ondorio kriminalak nozitu? dituela azpimarratzen zuen agiriak.
Euskadiri egindako erreferentzia horrekin ?ados ez?, eta EH Bilduk testua arbuiatu zuen, Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak azaldu zuenez. Era beran, EAJk erreferentzia hori ?beharrezkoa ez? dela uste izana gogor kritikatu zuen Pastorrek. Jeltzaleak ?hauteskundeei begira? ari zirela salatu zuen sozialistak.
Desadostasunak eztabaidatzeko aukerarik izan ez zela esan zuen EAJk, koalizio abertzaleak testua errefusatu zuelako. Adierazpen instituzionala onartzea ezinezkoa zen, jeltzaleen esanetan, horretarako guztien adostasuna beharrezkoa zelako.
Bakartxo Tejeria (EAJ) Eusko Legebiltzarreko presidenteak eskatuta, testua alderdi guztiek sinatu dute azkenean, Ganberako iturriek azaldu dutenez.
?Indarkeria, jatorria kontuan hartu gabe, ezin zurituzko ekintza da beti?
Parisko eta Maliko erasoak ?errefusatu eta gaitzetsi? ditu Legebiltzarrak testuan. Gainera, biktimei, haien senitarteko eta lagunei ?elkartasuna eta babesa? adierazi die ?une gogor hauetan?.
?Indarkeria, jatorria kontuan hartu gabe, ezin zurituzko ekintza da beti?, nabarmendu du adierazpenak. Azkenik, Euskadiri erreferentziarik ez dio egiten testuak. ?Giza eskubide guztien defentsa, salbuespenik gabe?, aldarrikatzen du Ganberak, eta baita askatasunarekin konpromisoa ere.