Politika -
EUSKO LEGEBILTZARRA
Lurralde Historikoen Legearen erreformaren tramitazioa, etenda
Bizkaiko Foru Aldundiak erreformari jarritako helegitea tramitera onartu du Euskadiko Arbitraje Batzordeak, eta, horrenbestez, legearen erreforma, oraingoz, etenda geratu da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
PSE-EEk proposatutako Lurralde Historikoen Legearen erreformaren tramitazioa bertan behera geratu da Eusko Legebiltzarrean, Bizkaiko Foru Aldundiak lege-erreformari jarritako helegitea tramitera onartu ondoren.
Erakundeen eskumenekin lotutako gatazkak bideratzeaz arduratzen den Euskadiko Arbitraje Batzordea atzo arratsaldean bildu zen Eusko Legebiltzarrean, eta helegitea aztertu ondoren, tramitera onartzea erabaki zuen. Hala, sozialistek proposatutako erreformaren tramitazioa, oraingoz, etenda geratu da.
Arbitraje Batzordeak azaldu duenez, Legebiltzarreko Mahaiari helarazi zaio erabakia, eta horri dagokio orain PSE-EE jakinaren gainean jartzea, modu ofizialean. Sozialistek 20 eguneko epea dute alegazioak aurkezteko.
Atzoko bileran, Bizkaiko Foru Aldundiak jarritako helegitea bakarrik aztertu bazen ere, Arabako eta Gipuzkoako aldundiek jada iragarri dute errekurritu egingo dutela sozialisten ekimena.
Bizkaiko Aldundiak abenduaren 1ean adostu zuen Lurralde Historikoen Legearen erreformari helegitea jartzea, eskumen kontuak argudiatuz.