Politika -

Gertakaria

Rajoyri eraso zion gaztea adingabeentzako zentro batean sartuko dute

Guardiako epaileak hartutako behin-behineko erabakia da. Gehienez sei hilabeterako neurria da, baina epea luzatzeko aukera izango du epaileak.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteari ukabilkada eman zion gaztea zentro batean giltzaperatzeko agindua eman du Pontevedrako epaitegiko guardiako epaileak.

Gehienez sei hilabetez egongo da Galiziako Gobernuak erabaki beharko duen adingabekoentzako zentro batean. Hala ere, Pontevedrako Adingabekoentzako Auzitegiak epe hori murrizteko edo luzatzeko aukera izango du, Galiziako Justizia Auzitegi Nagusiak jakitera eman duenez.

17 urteko mutilak hamaika ordu egin ditu epaitegian, gaua komisaria batean igaro ostean. Adingabekoentzako fiskalak galdeketa egin dio eta psikologo batek frogak egin dizkio.

Juan Carlos Aladro Pontevedrako fiskalburuak azaldu duenez, Rajoyren erasotzaileari ezarritako neurria sei hilabetetatik sei urtera luza daiteke.  Eta azpimarratu egin du guardiako epaileak hartutako behin-behineko neurria dela orain hartutakoa.

Atentatu delitua leporatu diote, ezohiko larritasunarekin, biktimaren kargua zein den kontuan hartuta.

Erasotzailearen abokatuak neurriak eskatuko ditu "intimitatea" babesteko

Erasotzaile gaztearen abokatuak neurriak eskatuko dizkio Adingabeen Fiskaltzari, haren intimitatea babesteko; izan ere, abokatuak dio "umea" dela, eta "etorkizunean bizitza oso bat" merezi duela.

Pontevedrako A Pardan egindako adierazpenetan, Jorge Cubela abokatuak ohartarazi du beharrezkoa dela adingabearen "intimitatea eta identitatea" babestea; berez, haren esanetan, biktima da.

Zehaztu duenez, "ez du inolako erlaziorik alderdi politikoren batekin", eta, egindakoaren garrantziari dagokionez, "ez dela erabat konturatzen, burbuila batean bezala dago". Gazteari zenbait elkarrizketa egin dizkiote, eta laster jarriko dute Fiskalaren aurrean.

Abokatuak, galdetu diotenean ea adingabeak barkamena eskatuko duen, esan du: "Egitekotan, nire bidez egingo du".

Rajoy: 'Paseatzen eta selfiak egiten jarraituko dut'

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidente eta PPko hautagaia irribarretsu agertu da gaur jendaurrean, Pontevedran atzo jasandako erasoaren ondotik. Gertatutakoari garrantzia kendu dio, eta orain arte kanpainan egin duen bezala, paseatzen eta selfiak egiten jarraituko duela iragarri du.

Gobernuburua Bartzelonan dago gaur, eta goizean La Vanguardia egunkariak antolatutako hitzaldi batean izan da. Galizian jazotakoari buruz galdetu diotenean, irribarrea ahoan, "oso ondo" dagoela erantzun du, eta eskerrak eman ostean, "pasatu da dena", nabarmendu du.

Bartzelonako egonaldiaren ondotik, Bruselara, Europako Kontseiluaren bilera batera, joango dela iragarri du. "Dena ondo bidean, eta Jainkoak hala nahi badu, Valentzian eta Madrilen itxiko dut kanpaina", erantsi du.

Ukabilkadak min egin ote zion galdetuta, 'ezetz' erantzun du Rajoyk. "Dena bat-batean eta oso arin gertatu zen", azaldu du.

PPko buruaren esanetan, "(erasoari) ez diogu duen garrantzia baino gehiago eman behar. Herri lasai da gurea, neurriz jokatzen badakiena. Salbuespena izan da hau".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Alderdi Popularra Mariano Rajoy Espainiako hauteskunde orokorrak gaur Alderdi politikoak Hautagaiei buruzko albisteak