Politika -

Ustezko ustelkeria Araban

EAJ: "Inputatuekin hartu beharreko neurriak dagoeneko hartu dira"

EAk Arabako Gobernuan jarraitu edo ez aztertu du gaur arratsaldean, eta baldintzak jarri ditu. Garrantzitsuena, ikerketa batzordeak martxan jartzea.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako ustezko ustelkeria sarearen aurkako sumarioan auzipetutako hiru lagunen inguruan hartu beharreko "neurri guztiak dagoeneko hartu" dituztela azaldu du EAJk, "jadanik euren karguetan ez direlako".

Efe albiste-agentziak jakitera eman duenez, ikerketak utzitako egoera aztertzen ari da gaur EAJ, "egoera nola dagoen ikusteko eta eskura diren datuak aztertzeko".

"Auzipetuta diren EAJko lagunekin hartu ahal ziren neurriak dagoeneko hartu ditugu", adierazi dute alderditik, beti ere Efe albiste-agentziaren arabera.

Auzia sumario-sekretuan dago eta guztira zortzi lagun dira inputaturik, besteak beste, Alfredo de Miguel Arabako Administrazio Publikoko diputatua. Arabako EAJko "gizon indartsua" da De Miguel eta iragan asteazkenean epailearen aurrean deklaratu ostean dimisioa aurkeztu zuen.

Telleriaren dimisioa

Gainera, EAJko Arabako kide gisa dimisioa aurkeztu du gaur Aitor Telleriak eta Alfonso Arriola Lacruz kargutik egotzi egin du Herri Kontuen Euskal Epaitegiak (HKEE).

HKEEn, Eusebio Melero Beaskoetxea EAJko bokalak eskatuta bota dute Arriola, galdetutako iturrien arabera.

"Orain arte hartu ditugun neurriak dira, sumarioan zer dagoen ezagutu bitartean, ez baitakigu", adierazi dute iturri berdinek.

EAk ikerketa batzordeak eskatu ditu

Eusko Alkartasunak Arabako Foru Aldundiko Gobernuan jarraitu edo ez aztertu du gaur arratsaldean. Alderdi horretako zuzendaritzak bilera egin du egoera aztertzeko eta, ohar batean jakinarazi dutenez, kezkatuta daude EAJk izan duen jarreragatik.

EAk ez du ikusi EAJrengan espero zuten "irmotasuna". Horregatik, Foru Aldundian jarraitzeko balditzak aurreko asteko berdinak direla nabarmendu dute: ikerketa batzordeak abiaraztea, Aldundia auzi honetan akusazio partikular gisa aurkeztea, erantzukizunak argitzea eta alderdien arteko bilera egitea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea