Politika -
40. urteurrena
Ortuzar, Martxoaren 3ari buruz: 'Estatuak ez du sendatu zauria'
Estatuko erakundeek ez dutela erantzukizunik zehaztu salatu du EAJko presidenteak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Andoni Ortuzar EAJko presidenteak salatu duenez, "Erregimen faxista ordezkatu zuen Estatu demokratikoak ez du sendatu" 1976ko martxoaren 3ko sarraskiaren "zauria". Egun hartan, Poliziak bost langile hil zituen.
Halaber, Estatuko erakundeek ez dutela erantzukizunik zehaztu deitoratu du.
Facebooken idatzitako artikulu batean, Ortuzarrek adierazi du 40 urte joan direla, "eta zauria sendatu gabe dago oraindik".
"Eta sendatu gabe dago ez dugulako egi guztia ezagutzen, eta Estatuak ez duelako zehaztu erantzukizunik", gaineratu du.
Horren ildotik, buruzagi jeltzaleak gogorarazi du egun oraindik ez dagoela argi "nork edo nortzuek eman zizkieten aginduak" poliziei.
"Noski, ez badakigu nortzuk izan ziren, ez dago ignominia haren erantzule subsidiarorik", ohartarazi du.
EAJko presidentearen esanetan, "40 urteren ostean, biktimek ez dute oraindik kalte-ordainik jaso; 40 urteren ostean, Erregimen faxista ordezkatu zuen Estatu demokratikoak ez du sendatu zauria. Zerbait egin beharra dago, lehenbailehen".