Politika -

Inbestidura

Pedro Sanchez, bigarren bozketan beste porrot bat jasotzear

Hala, hautagai sozialista, ezustekorik ezean, gobernua osatzeko Kongresuaren konfiantza jasoko ez duen lehenengo hautagaia izango da.

Pedro Sanchez PSOEren idazkari nagusia. Argazkia: Efe
Pedro Sanchez PSOEren idazkari nagusia.
Pedro Sanchez PSOEren idazkari nagusia. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez PSOEren idazkari nagusiak inbestidurako eztabaidaren bigarren saioari egin beharko dio gaur aurre, Espainiako Gobernuko presidente izateko helburuarekin; baina porrota jasoko duela espero da. Hori horrela, Sanchez izango da gobernua osatzeko Kongresuaren konfiantza jasoko ez duen lehenengo hautagaia.

Konstituzioaren 99. artikuluak agintzen duen moduan, hautagaiak lehenengo bozketan gehiengo osoa lortzen ez badu, beste bozketa bat egin behar da 48 ordu geroago. Baina kasu horretan ez du gehiengo osoa beharko, eta eztabaida ez da luzea izango, saio laburra izango baita, hizlariek denbora tarte laburrak izango dituztelako.

Moncloara iristeko lehenengo ahaleginean, Sanchez gehiengo absolutua ematen duten 176 botoetatik 46 botora geratu zen. Izan ere, 130 diputaturen babesa jaso zuen soilik: PSOEren 89, Pedro Quevedo Nueva Canariasekoarena, eta Ciudadanosen 40.

Inbestiduraren kontra bozkatu zuten 219 diputatuk: PP, Podemos, ERC, Demokracia y Libertad, EAJ, Compromis, IU-Unidad Popular, EH Bildu, UPN, Foro Asturias eta Pedro Gomez de la Serna.

Abstentzio bakarra izan zen, Ana Oramas Coalicion Canariako kidearena, baina bigarren bozketan baiezko botoa emateko aukera zabaldu zuen, PSOEk babes zabalagoa lortuz gero.

18:30

Inbestidura saioa 18:30ean berrabiaraziko da. Hitza hartzen lehena Sanchez izango da, 10 minutuko tartea izango du, eta ezingo du beste hizlariekin aurrez aurrekorik egin.

Ondoren, gainerako taldeetako kideen txanda izango da, ordezkari gehien duenetik hasi eta gutxien duenera (hala ere, PSOE izango da azkena). Hala, Mariano Rajoy Espainiako jarduneko presidentea izango da bigarrena, gero Pablo Iglesias Podemosen burua, ondoren Albert Rivera Ciudadanosekoa; eta atzetik etorriko dira Joan Tarda ERCkoa, Francesc Homs Democracia y Libertadekoa, eta Aitor Esteban EAJkoa.

Ondoren Talde Mistoa osatzen dutenen txanda izango da: Joan Baldovi (Compromis), Alberto Garzon (IU-Unidad Popular), Marian Beitialarrangoitia (EH Bildu), Iñigo Alli (UPN), Isidro Martinez Oblanca (Foro Asturias), Ana Oramas (CC) eta Pedro Quevedo (Nueva Canarias).

Eztabaidaren ostean izango da bozketa, eta diputatuek, aurreko bozketan bezalaxe, altuan esan beharko dute botoa. Bozketa ezingo da 19:45 baino lehenago izan, 48 orduko epea errespetatzeko.

Erregeari jakinarazi

Rajoyren ondorengoa izateko, Sanchezek nahikoa du gehiengo sinplearekin, hau da, baiezko botoak gehiago izatea ezezkoak baino; baina oso aukera gutxi ikusten dira horretarako. Gero, emaitza Espainiako erregeari jakinaraziko dio Kongresuko presidenteak.

Aurreikuspenak bete eta Sanchezek berriro porrot egiten badu, presidentegaiak aurkezteko bi hilabeteko epea egongo da, lehenengo bozketatik hasita.

Baina maiatzaren 2rako inork ez badu Kongresuaren babesa lortzen, bi ganberak desegingo dira eta hauteskundeak deituko dituzte ekainaren 26rako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua albisteak PNV-EAJ Alderdi Sozialista PP Espainiako Gobernua argazkiak Espainia argazkiak Pedro Sánchez bideoak EH Bildu Nafarroa Ciudadanosi buruzko albisteak Albisteak Podemos berriak