Politika -

Aberri Egunaren aurrean

Barreda: "Herritarren gehiengoak Estatutuaren Eguna ospatuko luke"

Bestalde, EAri ezker abertzaleaz "ez fidatzeko" gomendatu dio Josu Erkorekak (EAJ), eta Txarli Prietok (PSE) adierazi du Aberri Eguna "guztiz zaharkitua" dagoela.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Leopoldo Barreda EAEko PPko bozeramaileak atzo Andoni Ortuzarrek (EAJ) egin zituen adierazpenak kritikatu egin ditu. Ortuzarrek Patxi Lopez lehendakariari Aberri Eguna ospatzeko eskatu zion.

Barredaren iritziz, "Aberri Eguna nahi duenak ospatu dezake". Bere esanetan, Euskadiren Eguna urriaren 25ean ospatzea erreferentzia "objektiboagoa" da, datorren igandean egitea baino.

Halaber, Jaurlaritza data hori jaiegun ofizial izendatzea aztertzen ari dela gogorarazi du. "Urriaren 25a ospatu genuen, eta ideologia guztietako pertsonak hartu zuten parte. Horrenbestez, nazionalisten nahiak bide batetik doazela, baina errealitate askotarikoa beste batetik dola erakusten du", gaineratu du.

Erkorekak ezker abertzaleaz "ez fidatzeko" esan dio EAri

Eusko Alkartasunari "kontu handiz" jokatzeko gomendioa luzatu dio gaur Josu Erkoreka Espainiako Kongresuan EAJko bozeramaileak. Ezker abertzaleaz "ez fidatzeko" proposatu dio, indarkeriaren aurrean erakusten dituzten "jarrera irmoen" aurrean.

"Hortik aurrera, erabakia EAk berak hartu beharko du, erabakiaren alde onak eta txarrak aztertu beharko ditu", esan du.Aberri Egunari begira, "nazio mailako proiektu amaigabea" erakitzeko apustua adierazi du Erkorekak, "proiekturik gabeko Jaurlaritza baten aurrean".

Europa Press agentziari eskainitako elkarrizketan esan duenez, EAJ ez du mehatxurik sentitu EAk eta ezker abertzaleak egingo duten Aberri Egunaren ospakizun bateratuaren aurrean."Guk gure nazio mailako proiektu propioa eta gure estrategia daukagu. Ona da hiritarrek Aberri Eguna Ospatzea, horrek nazio mailako kontzientzia badaukagula erakusten duelako", azpimarratu du.

Prieto: "Aberri Eguna guztiz zaharkitua dago"

Bere aldetik, Txarli Prieto Arabako PSE-EEko idazkari nagusiak adierazi du Aberri Eguna "guztiz zaharkitua" dagoela, "gizartearen eboluzioaren ondorioz".

Bere ustez, Aberri Eguna ez da "Euskadiren esanahia" ospatzeko data, baizik eta "independentismoa" aldarrikatzeko eta Espainiatik "ezberdintzeko" elementuak bilatzeko.

Horren ildotik, Prietok mezu zuzena helarazi dio Ortuzarri: Sozialistek ez dutela "ezer" ospatzeko igandean, "Aberri Egunak ez baitu herritar gehienen interesa pizten".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea