Politika -
Terrorismoaren biktimak
'Biktimen aldeko batasuna eraiki nahi dugun etorkizunaren ikur da'
Donostian egindako ekitaldian “aurrekaririk gabeko batasunaren irudia” nabarmendu du Jonan Fernandezek. Barkosen esanetan, indarkeria ez da “urrun” dagoen zerbait.
agentziak
ETAko, GALeko eta, esaterako, Batallon Vasco Españoleko biktimek, agintariek eta hiritarrek Eusko Jaurlaritzak antolatutako omenaldian parte hartu dute, Donostian, Terrorismoaren Biktimen Europako Eguna dela eta.
Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Elkarbizitzako idazkari nagusiak eskerrak eman dizkie parte-hartzaile guztiei eta gaur lortutako “aurrekaririk gabeko batasun irudia” goraipatu du, “eraiki nahi dugun etorkizunaren ikur” dena, bere ustean.
Omenaldian ez da hitzaldirik egon eta leloa “Haiek utzitako hutsunea etorkizunaren eraikuntzaren ezinbesteko aldea da” izan da. Gainera, musika talde batek Schuberten re minorrean egindako “Dontzeilaren eta heriotza” pieza jo du.
Iñigo Urkulluk lehendakaria izan da elkarretaratze isilaren buruan, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuarekin; Josu Erkoreka Justizia sailburuarekin; Arantxa Tapia Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun sailburuarekin eta Ana Oregi Ingurumen Saileko buruarekin batera.
Halaber, Bakartxo Tejeria; Unai Rementeria, Markel Olano eta Ramiro Gonzalez hiru ahaldun nagusiak, Bizkaikoa, Gipuzkoakoa eta Arabakoa, hurrenez hurren; Jose Maria Aburto, Eneko Goia eta Gorka Urtaran hiriburuetako alkateak, Bilbokoa, Donostiakoa eta Gasteizkoa, hurrenez hurren, ere izan dira bertan, EAEko erakundeen ordezkaritza nagusiaren aldetik.
Era berean, alderdi guztietako kideek ere parte hartu dute; Andoni Ortuzar EAJren presidenteak, Joseba Egibar GBBeko buruak, Jose Antonio Pastor PSE-EEren bozeramaleak, Borja Semper Gipuzkoako PPren presidenteak, Julen Arzuaga EH Bilduren legebiltzarkideak eta Amaia Almirall eta Josu Ruiz Donostiako zinegotziak.
Alderdi berrietako ordezkariak ere bertaratu dira: Nagua Alba Ahal Dugu Euskadiko idazkari nagusi berria (beste alderdikide askorekin batera) eta Nicolas de Miguel Ciudadanos alderdiaren aldetik.
Indarkeria ez da “urrun” dagoen zerbait
Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidenteak, bere aldetik, Gobernuaren jarrera “argia” adierazi du, gain honetan, eta, nabarmendu duenez, indarkeria ez da “urrun” dagoen zerbait, baizik eta “milaka familien” errealitatearen parte.
Gaurko eguna “ahazteko zaila izango da, oroimen mingarria delako”, esan du Barkosek Nafarroako Jauregiaren ondoan egindako bilkura isilaren ostean. Harekin batera, Ana Ollo Erakunde arteko Harremanen kontseilaria; Jose Luis Menduza Hezkuntza kontseilaria; Fernando Dominguez Osasun kontseilaria eta Ana Herrera Kulturakoa izan dira, besteak beste, hainbat goi kargudunekin batera, esaterako, Bakea, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen zuzendari nagusiarekin.
Halaber, Iruñeko Udaleko zinegotziek, zenbait parlamentarik eta Jean Jeacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako Kontseiluko presidenteak ere parte hartu dute.
Barkosek esker onak eman dizkie ekitaldiarekin bat egiteagatik, M11ko biktimen memoria goraipatzeko eta, oro har, terrorismoaren indarkeria pairatu dutenen biktimak. Gogorarazi duenez, Frantzia ere “bereziki sentibera” da errealitate horri dagokionean.