Politika -
Auzitegi Nazionala
Lekukoak berretsi egin du Olaizen kontrako akusazioa
Lekukoari susmagarria iruditu zitzaion bi akusatuek soinean zeramaten arropa, “ikurrinaren kolorekoak zirelako”. Hala adierazi dio epaileari.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Miguel Angel Ruiz Iruñeko UPNren hautetsiaren kontrako atentatu saiakeran parte hartu izana leporatzen diote Jorge Olaizi, lekuko baten testigantzan oinarrituta. Gertakariak 2000. urtean jazo ziren. Epaiketa atzo hasi zen eta gaur lekukoak berretsi egin du epailearen aurrean Olaizen aurkako akusazioa, “zaharrago eta argalago” ikusi duen arren.
Bi gazte garaje bateko sarreran zain egotea susmagarria egin zitzaion, baita horietako batek anorak berdea jantzita eramatea eta besteak gorria, “ikurrinaren koloreak” direlako. “Horiek ikurrinaren koloreak dira, a zer kasualitatea; bi hauek pertsona baten bila ari dira, zerbait txarra egin nahi dute”, pentsatu zuela esan dio epaileari.
Horrenbestez, Poliziari deitzea erabaki zuen, baina une horretan patruila bat ikusi zuen eta agenteak ohartarazi zituen, atentatu bat izango zela esanez.
Poliziak bi susmagarrietako bat atxilotu zuen: Iñaki Beaumont, gertakari horiengatik epaitua eta zigortua. Bigarrenak, berriz, ihes egitea lortu zuen. Ihesean joandakoa Olaiz izan zela azpimarratu du. “Ihesean joandakoa, hemen eserita dago”, adierazi du.
Olaiz 2001ean atxilotu zuten, Iruñean Guardia Zibilarekin izandako tiroketa baten ostean. 13 urte egin zituen preso. 2014an geratu zen libre, baina urte horretako urrian 2000. urteko atentatu saiakeraren kasua berriro ireki zuten, aipatu lekukoak egindako testigantza aintzat hartuta, eta Olaiz espetxera bidali zuten berriz.
Atzoko saioan, lekukoak ileordea, gezurrezko bizarra eta eguzkitako betarrekoak jarrita deklaratu nahi izan zuen, baina ez zioten utzi. Gaur, ostera, bibote artifiziala eta eguzkitako betaurrekoak jantzita deklaratzeko baimena eman dio epai-mahaiak.