Politika -
Gobernu bilera
Bakerako Plana atzeratzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak
EAJk, Aralarrek eta Eusko Alkartasunak Bakerako Hezkuntza Plan berritik "zer konpartitzen duten" eta "zer aldatu nahi duten" argitu behar dutela esan dute Idoia Mendiak eta Rodolfo Aresek.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak erabaki du 15 egunez luzatzea Elkarbizitza Demokratikorako eta Indarkeriari Zilegitasuna Kentzeko plan berriaren aurrean alegazioak aurkezteko epea. Apirilaren 27ko gobernu-bileran onartu behar zuten aipatu egitasmoa.
Hala jakinarazi dute gaur Idoia Mendia Jaurlaritzaren bozeramaileak eta Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak gobernu-bileraren ostean egindako agerraldian.
EAJk, Aralarrek eta Eusko Alkartasunak Hezkuntzarako Plan berri horretatik "zer konpartitzen duten" eta "zer aldatuko luketen" adierazi behar dutela azpimarratu dute bi sailburuek.
Horrez gain, Jaurlaritzak egitasmo horren inguruan "ahalik eta adostasun zabalena" lortu nahi duela nabarmendu dute. Horregatik luzatu dute bai alderdi politikoek bai bestelako erakundeek alegazioak aurkezteko epea.
Epe hori amaituta, Jaurlaritzak ekarpenak aztertuko ditu, astebetez seguruenik, eta ondoren txostena Gobernu Kontseilura bidaliko du.
Rodolfo Aresek azaldu duenez, "ez dugu nahi epeen erruz adostasunik ez egotea". Idoia Mendia, berriz, EAJri zuzendu zaio: "Ez dezatela gezurrik esan eta argitu dezatela zerekin ez dauden ados".