Politika -
Ekainaren 26ko hauteskundeak
Sanchezek 'aldaketarako' bere Gobernuaren kideak aurkeztu ditu
PSOEren hautagaiaren iritziz, bere alderdia futbol-liga irabazi berri duen Bartzelona bezalakoa da; Sanchezek dio "fidagarria, elkarrizketaren aldekoa, langilea eta zintzoa" dela.
Agentziak | Erredakzioa
PSOEren Espainiako Presidentetzarako hautagai Pedro Sanchezen arabera, bere alderdia futboleko Liga irabazi berri duen Bartzelona taldea bezalakoa da; izan ere, "PSOEk irabazten du PSOE denean". Halaber, hautagaiak esan du aukera duela ekainaren 26ko hauteskundeak irabazteko, talderik onena du eta.
Bartzelonan aurkeztu ditu Pedro Sanchezek "aldaketarako" bere gobernuaren hogei kideak; esperientzia du talde horrek, batetik, baina kide berriak ere badaude. PSOEren idazkari nagusiak indarra eman dio bere hauteskunde-proiektuari.
Ministro ohi batzuk daude taldean, Jordi Sevilla, Josep Borrell edo Angel Gabilondo kasu; Patxi Lopez Kongresuko presidente ohia ere tartean dago, bai eta Margarita Robles epailea ere; PSCko bigarrena den Nuria Parlon ere bertan da, eta, era berean, Luc Andre Diouf senegaldarra.
"Luis Enriqueren formula bera erabiliko dugu. Berak esan zuen Bartzelonak irabazten duela Bartzelona denean; bada, PSOEk PSOE denean irabazten du", esan du PSOEko hautagaiak. Zorionak eman dizkio Bartzelonari, Liga irabazteagatik.
Adituen bere lantaldea bertan zegoela, Bartzelonako zerrendaburu Meritxell Batet barne, lider sozialistak adierazi du harro dagoela "elastikoa partekatzeko eta elkarrekin lan egiteko aukeragatik".
"Aldaketarako taldea Espainia bezalakoa da: paritarioa, belaunaldi askotarikoa, progresista, garbi jokatzea gustatzen zaio. Fidagarria da, elkarrizketaren aldekoa, langilea, zintzoa", goraipatu du.
Luis Enriquerenak ez ezik, futboleko beste izar batzuen hitzak ere erabili ditu, Pep Guardiola eta Alfredo Di Stefanorenak kasu: "Ez dago talde oso bat bezain ona den jokalaririk", eta "taldeek ez dakite zer egiteko gai diren saiatu arte".
Jose Enrique Serrano, taldeko koordinatzailea
Jose Enrique Serrano diputatu ohia du taldeak koordinatzaile; Serrano azken hilabeteetan PSOEk izandako negoziatzaile-taldeko kideetakoa izan da.
Aurreko kanpainako "jakintsuen batzordea" kontuan izanik, honako hauek errepikatzen dute: Jordi Sevillak (ekonomia), Angel Gabilondok (hezkuntza), Rafael Bengoa sailburu ohiak (osasuna) eta Sami Nair politologo frantziarrak (errefuxiatuak), bai eta Patxi Lopez Kongresuko presidenteak ere (birsorkuntza demokratikoaz arduratuko da).
Berriak direnen artean, hainbat daude: Margarita Robles (justiziaz arduratuko litzateke), Diouf senegaldarra (immigrazioa) eta Nuria Parlon Santa Coloma Grameneteko alkatea ere; Parlonek Gizarte Politikak hartuko lituzke, eta Kataluniako alderdi sozialistan etorkizun handia duela uste dute.
Era berean, hauek ere berriak dira: Pilar Cancela Galiziako diputatua (nekazaritza), Ana Garcia D’Atri Madrilgoa (kultura) eta Gregorio Camara andaluziarra (erreforma konstituzionala).
PSOEko Zuzendaritzaren kideak
PSOEko Zuzendaritzatik, Batet ez ezik (federalismoa), Maria Gonzalez Veracruz (zientzia) eta Carmen Monton (berdintasuna) ere badaude.
Ingurumen-kontuekin, Sanchezek Teresa Riberarengan duen konfiantza berretsi du; gauza bera gertatzen da gardentasuna eta enpresa-etikan, Silvina Bacigaluporekin. Magdalena Valerio diputatu ohiak (pentsioak) eta Angel Uribe analistak (ekonomia globala) ere errepikatzen dute.
Irene Lozano, Maurici Lucena eta Victoria Camps adituen taldetik at geratu dira; aurreko hauteskundeetan, hauteskunde-programa erredaktatzen lagundu zuen talde honek.