Politika -
8 puntu eman behar izan zioten
Bi urteko zigor-eskaria Amalur Mendizabal jo zuen ertzainaren aurka
Fiskalak dio lesio-delitua leporatu dakiokeela ertzain horri.
Euskadi Irratia | eitb.eus
Bi urteko espetxe-zigorra eskatu du fiskaltzak Amaiur koalizioko senatari zen Amalur Mendizabal jo zuen ertzainaren aurka, ertzainari lesio-delitua egotzita.
2013ko irailean zauritu zuten Amaiur Mendizabal, Guardia Zibilak Herrira plataformaren aurkako polizia-operazioan egindako 18 atxiloketen kontra Hernanin izan zen elkarretaratze batean.
Amalur Mendizabal senatariari zortzi puntu eman behar izan zizkioten buruan ertzain batek borraz emandako kolpearen ondorioz. Fiskalak dio lesio-delitua leporatu dakiokeela ertzain horri, larriagotua langile publikoa delako eta arindua aldi berean bere lana sakonegi egiteagatik.
Ondorioz, epaiketa egiteko eskatzearekin batera, fiskalak bi urteko espetxe-zigorra eskatu du Mendizabal jo zuen ertzainaren aurka, bi urteko inhabilitazioa eta baita Ertzaintzaren brigada mugikorrean aritzeko bi urteko debekua ere. Mendizabal senatari ohiari hiru mila eta seiehun euroko kalte-ordaina emateko ere eskatu du fiskalak.
Defentsak atzo erregistratu zuen bere eskaria, antzeko edukiarekin.
Epaileak epaiketa deitu edo ez erabaki beharko du orain.