Politika -

Diputatuen kongresuan

Ezustekorik ezean, Rajoyk porrot egingo du berriz

Inbestidura saioa 19:00etan hasiko da; Rajoyk 10 minutuko hitzaldia egingo du, eta gainerako ordezkariek, 5ekoa. Rajoyren hautagaitzak aldeko boto gehiago beharko ditu, kontrako baino.

Gaur arratsaldean egingo da Rajoyren inbestidurako 2. bozketa

1:29

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy PPren presidente, Gobernu espainiarraren jarduneko presidente eta presidentegaiak bere hautagaitzaren bigarren inbestidura saioari aurre egin beharko dio gaur, Espainiako Gobernuko presidente izateko, baina, lehenengoan bezalaxe, ezustekorik ezean, porrot egingo du.

Konstituzioaren 99. artikuluaren arabera, presidentegaiak lehen bozketan gehiengo osoa lortzen ez badu, bozketa errepikatu egin beharko da 48 ordu geroago. Bigarren horretan, baina, bozketa ez da egin behar talde parlamentarioen agerraldi luzeen ostean; ordezkari bakoitzak tarte txikia izango du hitz egiteko, eta ondoren egingo da.

Asteazkenean egindako bozketan, aurreikusi zuten bezala, Rajoyk 170 boto (boto guztien % 48,5) jaso zituen: PPrenak (134), UPNrenak (2), Foro Asturiasena (1), Ciudadanosenak (32) eta Coalicion Canariaren ordezkariarena (1), bi alderdi horiekin sinatutako akordioei esker. Ondorioz, behar zuen gehiengo osotik (176) sei botora geratu zen.

Aitzitik, gainerako alderdi guztiek (180 diputatu) egin zuten PPren hautagaitzaren aurka: PSOE (84); Podemos, IU eta aliatuak (67); ERC (9), EAJ (5), CDC zena (8), Compromis (4), EH Bildu (2) eta Nueva Canarias (1).

Agerraldi arinak

Inbestidura saioa 19:00etan hasiko da gaur. Rajoyk hartuko du hitza lehenengoz, eta hamar minutuz arituko da, baina oraingo honetan ezingo du aurrez aurrekorik egin gainerako ordezkariekin.

Ondoren, talde parlamentarioen ordezkariek hitz egingo dute, handienetik txikienera, baina PPkoa izango da azkena. Alderdi bakoitzak 5 minutu izango ditu.

Aurreikuspenak betez gero, Pedro Sanchez (PSOE), Pablo Iglesias, (Podemos), Albert Rivera (Ciudadanos), Gabriel Rufian (ERC) eta Aitor Esteban (EAJ) arituko dira.

Jarraian, Talde Mistoaren txanda helduko da, eta horrek ere bost minutu izango ditu, taldea osatzen duten alderdien ordezkarien artean banatzeko: Francesc Homs (CDC), Joan Baldovi (Compromís), Marian Beitialarrangoitia (EH Bildu), Iñigo Alli (UPN), Isidro Martinez Oblanca (Foro Asturias), Ana Oramas (CC) eta Pedro Quevedo (Nueva Canarias).

Eztabaidaren ostean, bozketari ekingo diote. Horretarako, diputatuek ahoz emango dute botoa, euren eserlekuetatik. Botoa ematen azkenak jarduneko Gobernuko eta Ganberako Mahaiko kideak izango dira. Bozketa ezingo dute 20:05 baino lehen egin, Ana Pastor Kongresuko presidenteak ezarri zuenez, Konstituzioak ezartzen duen 48 orduko epea errespetatzeko.

Porrot egitera kondenatua

Inbestidura bigarren ahaleginean gainditzeko, Rajoyk gehiengo sinplea beharko du, hau da, aldeko boto gehiago kontrako baino. Hori dela eta, dagoeneko ziurtatuta dituen 170 botoak kontuan hartuta, aldeko 6 boto gehiago behar ditu, edo 11 abstentzio, baina ez dirudi horiek lortuko dituenik, oposizioak ez baitu aldakeratik iragarri.

Ondorioz, eta, aurreikusitakoa betez gero, Rajoyk berriz ere porrot egiten badu, Espainiako Parlamentuaren babesa lortu ez duen bigarren presidentegaia izango da, martxoan Pedro Sanchez PSOEren buruak porrot egin eta gero.

Bozketa egin ondoren, Ana Pastor Kongresuko presidenteak estatuburuari jakinarazi beharko dio bozketaren emaitza, eta bi hilabeteko epea zabalduko da orduan, presidentegaiek hautagaitza berriak aurkezteko.

Urriaren 31n, Gorteak desegin

Asteazkenean lehenengo bozketa egin zenetik, bi hilabeteko epea dago hautagairen batek Kongresuaren babesa lortzeko. Inork ez badu babes hori lotzen, Kongresuko presidenteak Ganberak desegiteko dokumentua emango dio Espainiako erregeari, sinatzeko, hauteskundeak berriro deituko ditu eta Senatuko presidenteari jakinaraziko dio.

Aipatutako epeen arabera, Gorteak urriaren 31n, 24:00etan, desegingo dituzte. Hurrengo egunean, hauteskundeen deialdia publikatuko da, eta, aldaketarik izan ezean, abenduaren 25ean egingo dira hauteskundeak, Eguberri-egunean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika albisteak EAJ-PNV PSOE Alderdi Popularra Rajoy albisteak Espainiako Felipe VI.a argazkiak Espainiako Gobernua Espainia argazkiak Pedro Sánchez argazkiak EH Bildu Albisteak Albert Rivera albisteak