Politika -

Memoria historikoa

1936an fusilatutako 32 irakasle nafar omendu dituzte Iruñean

"Irakasle progresista horiek klase sozial baxuekiko zuten konpromisoa" goratu nahi izan du Nafarroako Gobernuak sustatutako omenaldi horrek.

Garai batean Magisteritzako Eskola izan zen egoitzan egin dute omenaldia. Argazkia: EiTB
Garai batean Magisteritzako Eskola izan zen egoitzan egin dute omenaldia. Argazkia: EiTB
Frankismoak fusilatutako 32 irakasleren lana goratu dute Iruñean

2:36

RADIO EUSKADI | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frankismo garaian hildako eta zigortutako 300 irakasle nafar baino gehiago omendu ditu larunbat honetan Nafarroako Gobernuak, haien lana, oroimen demokratikoaren berreskurapena eta "egia, justizia eta erreparaziorako eskubidearen" defentsa goratzeko asmoz.

1936an estatu-kolpe frankistaren ostean, 32 irakasle (31 gizonezko eta emakumezko bat) fusilatu zituzten Nafarroan. Larunbat honetako omenaldia Iruñeko San Jose Plazan izan da, garai batean Magisteritzako Eskola izan zen egoitzan, hain zuzen ere.

Nafarroako Gobernuak antolatutako ekitaldian irakasle horien senideak izan dira, Foru Gobernuko hainbat ordezkarirekin batera, Uxue Barkos Nafarroako presidentea eta Joseba Asiron Iruñeko alkatea, besteak beste.

Oroitzapenezko plaka bat eta irakasle horien izen-abizenak zekarren panel handi bat inauguratu dituzte garai batean Magisteritza Eskola izandako egoitzaren aurrealdean. Bost senidek hitza hartu dute instituzio publikoei eskerrak emateko.

Gizarte zuzenagoa eta demokratikoagoa

Horien aurrean, Uxue Barkos Nafarroako presidenteak azpimarratu duenez, Nafarroako Gobernuak "konpromiso irmoa du oroimen demokratikoaren berreskurapenarekin eta egia, justizia eta erreparaziorako eskubidearen defentsarekin".

Barkosen hitzetan, 1936ko estatu-kolpeak langile publikoen artean izandako oposizioa ezabatu nahi izan zuen, "irakasleen artean bereziki, hezkuntza aurrera egiteko motorra baita, eta gizarte modernoago eta libreago baten zutabea". Balore horiek "jomuga jo zituen frankismoak", Nafarroako presidentearen aburuz. Gauzak horrela, "gizarte zuzenago, etikoago eta demokratikoago baten alde" egin du.

Barkosek hitzaldia amaitu duenean, frankismoak hildako eta zigortutako iraskaleen izen-abizenak jaso dituen panelaren azpian krabelin gorriak utzi dituzte ordezkari politikoek eta senitartekoek.

Jokin de Carlos Fusilatutako Senideen Elkarteko presidenteak adierazi duenez, frankistek "ez zuten inoiz onartu irakasle progresista horiek klase sozial baxuekiko zuten konpromisoa".

Gero, modu pribatuan, hildako irakasleen familia bakoitzak metalezko zilindro bat jaso du, barruan irakasle omenduaren izena zuela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Iruñea gaur Albisteak Nafarroa Gizartea Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Frankismoa Irakasleak azken ordukoa