Politika -
Epaiketa
Fiskaltzak 3 urteko espetxealdia eskatu du Bakioko alkate ohiarentzat
Gaur amaitu da Txomin Errenteriaren (EAJ) aurkako epaiketa. Eraiki ez zen talasoterapia zentroaren adjudikazioan izandako irregulartasunengandik epaitu dute.
Agentziak | Erredakzioa
Fiskaltzak prebarikazioa eta dokumentuak faltsutzea leporatu dio Txomin Renteria (EAJ) Bakioko alkate ohiari eta, ondorioz, berretsi egin du hasieratik harentzat eskatutako zigorra: hiru urteko espetxealdia eta hamar urteko gaitasun-gabetzea.
1995 eta 2011 urteen artean izan zen Bakioko alkate. 2007an, Kiura Talasoterapia zentroa eraikitzeko lanen adjudikazioan izandako irregulartasunengatik epaitu dute Bizkaiko Auzitegian. Epaiketa urtarrilean abiarazi zuten eta gaur egin dute azken saioa.
Talasoterapia egin ahal izateko Ingurumen Ministerioaren Kosta Zuzendaritzak obra gauzatu behar zuen enpresari ezarritako kanona ordaintzen hasteko epea urtebetez atzeratu izana egozten diote Renteriari.
Gaurko saioan, Ministerio Publikoak esan du adjudikazioaren dokumentuak eta kontratua bera ikusita, frogatuta geratu dela datak aldatu egin zirela eta hori Bakioko Udalaren kalterako izan zela, aipatu kanona berak ordaindu behar izan ziolako Kosta Zuzendaritzari.
Fiskalak azpimarratu du Renteriak jakin bazekiela egiten ari zena “irregularra” zela, “kontratuak esleipenaren baldintzak jaso behar dituelako”. Gainerako udal-taldeei kontratu horren xehetasunak “ezkutatu” egin izana ere egotzi dio.
Ildo horretan, 470.000 euro ordaintzea eskatu dio auzipetuari, horixe baita Kiurak Bakioko Udalarekin duen zorra kanona ordaindu ez zuelako.
Kiura jada ez da existitzen eta talasoterapia zentroa ez zen eraiki, Bakioko hondartzan lan batzuk abiarazi bazituen ere.
Herri-akusazioak (EH Bildu, Bakioko alkatetza bere esku dago egun) prebarikazio delitua leporatu dio Renteriari eta, beraz, 10 urteko gaitasun-gabetzea eskatu du haren aurka, baita aipatu 470.000 euroak ordaintzea ere.
Herri-akusazioak dio ordainketaren epeak aldatuta, alkate ohiak bazekiela “hirugarren bati legez kanpo mesede” egiten ziola eta Kiura sozietateari zorra barkatzen ziola.
Horrez gain, herri-akusazioak gogoratu du epaiketaren saio batean Udaleko idazkariak berak onartu zuela alkate ohia ohartarazi zuela kontratuan egindako aldaketa hura “irregularra” zela esanda.
Defentsak, berriz, absoluzioa eskatu du Txomin Renteriarentzat, erantzukizuna Udaleko idazkariarena dela argudiatuta.
“Idazkaria da aditua eta berari dagokio kontratuak legearen baitan egiten direla bermatzea”, nabarmendu du, alkatea lanbidez banketxe batean lan egiten zuen komertziala zela eta administrazioko izapide asko ezagutzen ez zituela argudiatuta.
“Idazkariak dio Renteriari esan ziola ez zela legezkoa, baina nire bezeroak baieztatu du ez zela ohartarazpenik egon. Idazkariak onartu du berak idatzi zuela kontratua eta, beraz, ulertezina da bere desadostasuna idatzita utzi ez izana”, esan du Renteriaren abokatuak.
Amaitzeko, Bakioko alkate ohiak epailearen aurrean adierazi du ez zuela horrelakorik egingo datak aldatzea legez kanpokoa zela jakin izanez gero.