Politika -

NAFAROAKO PARLAMENTUA

Foro Soziala: '2017a erabakigarria izango da ETA armagabetzeko'

Foro Sozial Iraunkorreko hainbat ordezkari Nafarroako Parlamentuan izan dira, ETAren armagabetze prozesua zein fasetan dagoen agertzeko.

Foro Sozial Iraunkorreko ordezkariak, gaur, Nafarroako Parlamentuan. Argazkia: EiTB.
Foro Sozial Iraunkorreko ordezkariak, gaur, Nafarroako Parlamentuan. Argazkia: EiTB.
Foro Sozial Iraunkorreko ordezkariak, gaur, Nafarroako Parlamentuan. Argazkia: EiTB.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAk armagabetzeari ekiteko eta armak suntsitzeko baldintzak badirela uste du Foro Sozial Iraunkorrak. Prozesuak arrakasta izateko, Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta jaio berri den Ipar Euskal Herriko Euskal Elkargoak parte hartu beharko lukete bertan, foro horretako kideen iritzian.

ETAren armagabetzearen inguruan Foroak egin duen txostena eta aurrera begirako proposamenak aurkeztu dituzte gaur Nafarroako Parlamentuan.

ETAk armak behin betiko utziko zituela iragarri eta bost urtera armagabetzea gauzatu gabe egotea larritzat jo du Agus Hernan Foro Sozialeko eledunak. Horren irudikoz, modu batera edo bestera, ziklo horri amaiera emateko bideak bilatu behar dira, eta ETA armagabetzeko prozesuan 2017a urte erabakigarria izango delakoan dago.

"Behin ETAk armak suntsitzeko borondate irmoa agertu ondoren, prozesu horri jarraipena eman behar zaio", esan du Juan Jesus Soriak. Horren esanetan, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak "modu aktiboan eta zuzenean" parte hartu behar dute prozesuan. Espainiako eta Frantziako exekutiboek, berriz, "dagozkien ardurak hartu beharko dituzte euren gain", prozesua "gardena, ordenatua eta segurua" izan dadin.

Parlamentarien balorazioa

Koldo Martinez Geroa Baiko bozeramailearen iritzian, "autokritikarik gabeko armagabetzea armagabetze osatugabea litzateke. ETAren armagabetze intelektual bat behar dugu, eragindako mina aitortuko duena".

Barkartxo Ruiz EH Bilduko eledunarentzat, berriz, armagabetzea "ezinbesteko urratsa" da, bakearen bidean. Dagoeneko, armagabetzeak gauzatuta beharko zukeela esan du, eta, beraz, prozesua "lehenbailehen" amaitzea eskatu du. "ETAk armagabetzeko borondatea" erakutsi eta Espainiako eta Frantziako gobernuek "oztopoak" jartzea "surrealista" dela esan du.

Ruben Velasco Podemoseko parlamentariak ere, Espainiako Gobernuaren jarrera kritikatu du, ETA armagabetzeko bidean "gehiago" egin dezakeela iritzita.

Ildo beretik mintzatu da Jose Miguel Nuin I-Eko ordezkaria. Horren aburuz, ezin da ulertu ETA oraindik armagabetu gabe egotea. Erantzukizun handiena talde armatuari berari dagokio, horren hitzetan, baina Espainiako Gobernuak ere bere ardura duela azpimarratu du.

Iñaki Uriarte UPNko parlamentariaren ustez, berriz, ETA da prozesu honetan pausoak eman behar dituen bakarra.

Inmaculada Jurio PSNko parlamentariaren esanetan, ez ETAk ez Espainiako Gobernuak ez dute erakutsi armagabetzean pausoak emateko borondate irmorik.

Javier Garcia PPNko kideak, bere aldetik, gogor kritikatu du gaurko agerraldian "talde terrorista bat eta Estatua parekatzea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Albisteak Nafarroa Eusko Jaurlaritza berriak Espainiako Gobernua albisteak Espainia albisteak Euskadi Ta Askatasuna albisteak Alderdi politikoak albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Nafarroako Gobernua berriak Nafarroako Parlamentuko albisteak