Itxi

Politika

ETA-ren armagabetzea

Apirilak 8, ‘E eguna’ Baionan

EITB.EUS

Egun historikoa izatea espero da. Besteak beste, alderdi politikoetako ordezkariek, gizarte-eragileek, eragile ekonomikoek eta instituzioetako ordezkariak hartuko dute parte.

  • Ekitaldi nagusia Baionako Roland Barthe zelaigunean izango da. Argazkia: EiTB

    Ekitaldi nagusia Baionako Roland Barthe zelaigunean izango da. Argazkia: EiTB

2011ko urriaren 20a egun historikoa izan zen, ETAk "jarduera armatuaren amaiera" iragarri baitzuen. Gaurkoa, 2017ko apirilak 8, garrantzi handiko beste egun historiko bat izatea espero da. Besteak beste, alderdi politikoetako ordezkariek, gizarte-eragileek, eragile ekonomikoek eta instituzioetako ordezkariak hartuko dute parte ETAren “armagabetzea” gauzatuko den prozesu horretan. Halaber, herritarrei “armagabetze egunean” parte hartzeko deia luzatu diete.

Egun historikoa izango da, ETAk hedabideei agiri historikoa igorri ondoren. Gauerdian zabaldutako ohar horren bidez, “jadanik erakunde armagabea” dela eta “kontrolpean zituen armak eta lehergailuak gizarte zibilaren esku” utzi zituela iragarri zuen erakundeak.

‘Bakearen artisauek’ egitarau zabala prestatu dute. 09:00etan, Ipar Euskal Herriko Euskal Hirigune Elkargoak (Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa biltzen dituen euskal erakundeak) batzarra hasiko du. Guztira 233 ordezkari bilduko dira, Lapurdin.

10:30ak aldera, La paix maintenat, une exigence populaire (Bakea orain, Herriaren aldarria) dokumentalaren estreinaldia izango da Atalante zinema aretoan, Bake Bideak antolatuta.

Jarraian, film horren inguruko eztabaida lasaia egingo dute ekitaldi horretan parte hartzen dutenek: Luis Joinet (NBEko Giza Eskubideen Batzordeko kidea), Jean-Pierre Massias (Zuzenbide irakaslea eta Europako Kontseiluko aholkularia) eta Thomas Lacoste (dokumentalaren zuzendaria).

Dokumentalari buruzko mahai-ingurua amaitutakoan, 12:00etan beste solasaldi bat egingo dute Roland Barthes zelaigunean. Bertan izango dira Joseba Azkarraga (Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburu ohia eta Sareko bozeramailea), Aizpea Leizaola (antropologoa eta Foro Sozial Iraunkorreko kidea) eta Philippe Texier (epaile ohia eta NBErako aditua). Bake Bideak antolatu du jarduera hori.

Alabaina, “armagabetze egunaren” ekitaldi nagusia 15:00etan hasiko da. “Bakearen artisauek” armagabetzearen eta bake prozesuaren aldeko “elkarretaratze handia” antolatu dute Paul Bert plazan (San Andres plaza).

Mixel Berhokoirigoinek jakitera eman zuenez (Luhusuko taldean parte hartutakoak), ekitaldi horretan “mezu garrantzitsu bat" irakurriko da. "Hitzaldiak markatuko du iragana, eta baita nahi dugun etorkizuna ere", ziurtatu zuen Berhokoirigoinek.

Baiona ETA desarmea

Bake prozesuaren aldeko pankarta, Baionan Argazkia: EiTB

Hego Euskal Herriko alderdi politiko eta sindikatuen gehiengoaren ordezkariek (UPN eta PP izan ezik) agerraldi bateratua egin zuten ETAren armagabetzeari “zilegitasuna eta sinesgarritasuna” emateko. Haien esanetan, "bortizkeriaren behin betiko amaiera ordenatuaren baitan funtsezko mugarria" da bakebidean.

Gainera, aste honetan bertan, adierazpen instituzional bateratua sinatu zuten ELA, LAB, CCOO, UGT, STEE EILAS, ESK, Etxalde Mugimendua, HIRU, EAJ, EH Bildu, PSE, Podemos Euskadi, Ezker Anitza, Equo Euskadi, Geroa Bai, Podemos Nafarroa eta Izquierda-Ezkerra taldeetako kideak. Adierazpen horren bidez, armagabetzea berri ona dela nabarmendu zuten, eta iragarki horri “sinesgarritasuna” eman zioten.

Ostegunean, PPk ez beste alderdi politikoek armagabetze "osoa, behin betikoa, alde bakarrekoa eta egiaztagarria" egitea eskatu zioten ETAri. Halaber, Eusko Legebiltzarrak gizarte zibilak armagabetze prozesuan zehar izandako inplikazioa “ontzat” jo zuen.

Dena dela, Berhokoirigoinek ETBn egindako elkarrizketa batean azaldu zuenez Baionan ez da ospakizunik izango.

Era berean, "alde bakarreko ekitaldi oso, behin-betiko eta egiaztatu batean" ETA lehenbailehen armagabetu behar dela berretsi zuen duela egun batzuk Foru Parlamentuak, "aspalditik herritarrak eskatzen ari diren moduan". Horrez gain, Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak "prozesua burutzeko lanean jarrai dezan" babestu du Foru Ganberak.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena