Politika -
EAJ-PP ituna
Aurrekontuei buruzko akordioaren gakoak
Espainiako Gobernuak 380 milioi euro bideratuko ditu AHTra, 2023an martxan egon dadin. Horrez gain, Ertzaintzari eta argindar tarifari buruzko adostasunak lortu dituzte.
EITB.EUS
EAJk Kongresuan dituen bost diputatuen botoei esker, Espainiako Gobernuak 2017rako prestatu duen Estatuko Aurrekontu Orokorren proiektuak aurrera jarraitu ahalko du, osoko zuzenketak baztertuta. Trukean, Rajoyren gobernuak "euskal agendaren" hainbat konpromiso bete beharko ditu. Guztira, 36 puntu dira, baina 10 garrantzitsuenak bildu ditugu segidan:
1. Kupoa
2007-2015 epealdiari dagokion Kupoaren kitapenen inguruan akordioa lortu dute bi aldeek, eta atzerapenak tarteko, 1.400 milioi euro itzuli beharko dizkio Espainiako Gobernuak Jaurlaritzari. Horrez gain, 2017ko behin-behineko Kupo likidoa 956 milioikoa izatea adostu dute.
2. AHT
'Euskal Y'a 2023an martxan egon dadin, beharrezkoak diren inbertsioak egin eta epeak betetzeko konpromisoa hartu du Rajoyren gobernuak. Hala, 3.380 milioi euro bideratuko ditu proiektura. Hitzartutakoaren arabera, Donostiako eta Ezkioko geltokietako lanak 2018an abiatuko dira; Astigarraga-Oiartzun-Lezo tartearenak 2021ean hasiko dira. Bilboko eta Gasteizko lurrazpiko geltokien lanei 2020an ekingo diete, eta Frantziako tren lasterrarekiko (TGV) lotunea 2025erako egongo da prest.
3. Argindar tarifa berria
Euskal enpresei argindar faktura merkatuko zaie 2018tik aurrera, urtean 50 milioi euro aurreztuta. Rajoyren gobernuak 6.1b tarifa kendu, eta 30-36 kilowatt arteko tentsioari dagokiona 6.2 tarifaren baitan sartuko du.
4 eta 5. Jundizeko terminala eta Lezo-Pasaia plataforma
Lezo-Pasaia (Gipuzkoa) plataforma logistikoa eta Jundizeko (Araba) terminal intermodala sustatzeko akordioa lortu dute bi aldeek. Lehenengoarentzat 100 milioiko partida aurreikusi dute, eta bigarrenarentzat, 120 milioi. Arabako terminala 2023an egon beharko litzateke prest, eta gako izango da Bilbo portua eta Forondako aireportua lotzeko. Lezo-Pasaia plataformari dagokionez, Pasaiako Portuaren eta ahalmen handiko errepideen lotunea bultzatuko du.
6. Lemoizeko zentral nuklearraren lurrak
Espainiako Gobernuak euskal erakundeen esku utziko ditu Lemoizeko zentral nuklearraren lurrak, baita eraikita dagoen kai-muturra ere.
7. Ertzaintza
Adostutakoaren arabera, "ahalik eta lasterren" Segurtasun Batzordearen bilera egiteko konpromisoa hartu du PPren gobernuak. Batzarrean ondoko gaiak onartuko dituzte: Ertzaintzak tokia izango du aurrerantzean Antolatutako Krimenaren eta Terrorismoaren Inteligentzia zentroan, eta Europako polizia arteko lankidetza organoetan parte hartuko du. Horrez gain, muga zeharkatu ahalko du jarraitzen dituen susmagarriak atxilotzeko.
8. 18 trenbide pasagune, lur azpian
Arriskutsuak diren 18 trenbide pasagune lurperatuko dituzte. Tartean, Zalla, Gueñes, Ortuella, Bilbo (Zorrotza) Itsasondo, Hernani eta Amurrio herrietakoak.
9. Berroneratzeak eta kartzela berria Gipuzkoan
Zumaiako Santiago hondartza leheneratuko dute eta Basauriko Pozokoetxe auzoan dagoen trenbide zabalgunea herritarren esku uzteko izapideak egingo dituzte.
Horrez gain, Nerbioi garaiko ur zikinak garbitzeko eta arazteko azpiegiturak berritzeko lanen epeak zehaztu dituzte.
Gipuzkoako espetxe berria lehenbailehen egiteko konpromisoa hartu du Espainiak, Martuteneko lurrekin zer egin erabakitzeko.
10. Diru-laguntzak
Hainbat euskal elkarteri Madrilgo gobernuak emandako diru-laguntzak handitzeko edo ematen hasteko konpromisoa hartu du Rajoyk. Tartean dira Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza, Donostiako Zinemaldia, Aranzadi Zientzia Elkartea, eta Artium eta Bilboko Itsas museoak, besteak beste.