Politika -
Memoria historikoa
Proiektu batek Burdin Hesiaren memoria babestuko du
Bilbo defendatzeko xedea zuen lerroak 33 udalerri zeharkatzen zituen, baina gaur egun 25etan besterik ez daude haren zantzuak.
EITB.EUS
Burdin Hesia, 1936ko Gerra Zibilean Bilbo eta inguruak Francoren tropetatik babesteko eraikitako defentsa-lerroa izan zena, babesteko eta zaintzeko proiektua aurkeztu du gaur goizean Iñigo Urkullu lehendakariak. Izan ere, defentsa-lerro hori Euskadiko Memoria Demokratikoaren ibilbidean sartuko dute.
Aurkezpena Bilboko Gogora Institutuaren egoitzan egin da, eta, lehendakariarekin batera, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria, Gogorako zuzendari Aintzane Ezenarro, foru aldundietako agintariak eta Burdin Hesiak zeharkatzen zituen 33 udalerrietako udal ordezkariak egon dira.
Lehendakariak ekitaldian nabarmendu duenez, proiektu honek "pairatutako oinaze bidegabea" azalarazten du, eta, halaber, "bizikidetza demokratiko bat eraiki eta defendatzeko eta bakean eta giza eskubideen defentsan oinarritutako gizarte bat eraikitzeko eginiko esfortzua" aitortzen du.
Urkulluren hitzetan, proiektuak "alderdi pedagogikoa" ere badu, "irizpide kritikoak eta sendoak dituen gizarte bat sortu nahi baitu, gerraren, totalitarismoaren, terrorismoaren edo indarkeria mota guztien aurrean".
Erakundeen arteko akordioa
Eusko Jaurlaritzak, foru aldundiek eta horretan inplikaturiko udal guztiek erakundeen arteko akordio bat sinatuko dute hemendik gutxira. Horren xedea izango da lankidetza-eremu komun bat ezartzea Euskadiko historiaren barruan garrantzi handia duen pasarte horri loturiko osagai hau babestu, sendotu eta azaleratu ahal izateko.
Eusko Jaurlaritzak Burdin Hesiko osagaiak babestuko ditu, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren bitartez eta Euskal Kultur Ondareari buruzko Legean jasotako mekanismoez baliatuz.
Aldundiak, beren aldetik, Burdin Hesiko osagaia sendotzeaz arduratuko dira, beren eskumenen barruan. Udalak, berriz, identifikatutako osagaien ingurunea txukun mantentzeaz.
Azkenik, Gogora Institutuak "Memoriaren Ibilbideak" osatuko ditu Burdin Hesiaren inguruan. Iruditeria bateratua izango duten seinaleak diseinatuko ditu, hesiaren esanahia azaldu eta "Euskadiko Memoria Demokratikoa berreskuratzen laguntzeko".
33 udalerri zeharkatzen zituen
Udalerri hauek zeharkatzen zituen: Abanto Zierbena, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Barrika, Berango, Bilbo, Derio, Erandio, Gamiz-Fika, Gatika, Galdakao, Galdames, Getxo, Gordexola, Gueñes, Larrabetzu, Laukiz, Laudio, Lemoiz, Lezama, Loiu, Jatabe, Mungia, Muskiz, Okondo, Sondika, Sopela, Ugao, Urduliz, Zamudio, Zaratamo, Zeberio eta Zierbena.