Politika -

Adostasunik ez, foru gobernuan

AHTari eutsiz gero, EH Bildu, Podemos eta I-Ek ez dituzte kontuak onartuko

Orain arteko egitasmoari eusten bazaio, kontuak ez babestearekin egin dute mehatxu EH Bilduk, Nafarroako Podemosek eta I-Ek.

AHT definitzeko adostasunik ez bada, aurrekonturik ez da egongo Nafarroan

1:10

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroan "aldaketarako gobernua" osatzen duten lau alderdien artean arrakala sortu du Abiadura Handiko Trenak (AHT). Nafarroako Podemosek eta Izquierda-Ezkerrak iragarri dutenez, ez dituzte 2018ko aurrekontuak babestuko orain arteko proiektuari eusten bazaio. EH Bilduk ere "oso zail" ikusten du. Azpiegituraren inguruko "prozesu parte hartzailea" eskatu dute hirurek.

Eskakizunon aurrean, Geroa Baik azpimarratu du berak defendatzen duen proiektua "akordio programatikoaren trena" dela, eta beharrezkoa balitz, parte hartzea sustatzeko "mugimenduren bat" egingo duela.

Adolfo Araiz EH Bilduko bozeramailearen esanetan, koalizioak "ez luke begi onez ikusiko" AHTaren egungo egitasmoari eustea, "UPNk eta PSOEk adostutakoa baita". Ildo horretan, "oso zail" ikusten du aurrekontuak babestea.

Dena dela, lau alderdien artean hitz egin behar dutela azpimarratu du, adostasunak lortze aldera. Araizen aburuz, "eztabaida soziala egiteke dago", eta Parlamentuan "ez atzera ez aurrera dagoen mugikortasunaren inguruko lantaldea" martxan jartzeko deia egin du.

Mikel Buil Nafarroako Parlamentuan Podemosek duen eledunak nabarmendu duenez, AHTaren proiektu "neurrigabe" horri eutsiz gero, alderdi moreak "ziurrena" ez ditu aurrekontuak babestuko.

"Prozesu parte hartzailea" eskatu du Builek: "Prozesu hori ezin da adostutako eredua azaltzera mugatu. Gizarteak tren lasterraren inguruan dituen proposamenak helarazteko epe bat zabaltzea nahi dugu, aukerak edukitzeko".

Marisa de Simon Izquierda-Ezkerraren koordinatzailea ere ildo horretatik mintzatu da. "AHTaren proiektuak aurrekontuei eman beharreko babesa baldintzatzen du", esan du, eta gaineratu bere alderdiak ez dituela tren lasterra finantzatzeko partidak dituen kontuak onartuko. De Simonen esanetan, "ez dugu proiektu hori babesten".

"2010ean ezarritako baldintza teknikoak dituen proiektuaren kontra gaude, ez dira aukerak aztertu", adierazi du De Simonek. Horren irudiko, "ezinbestekoa da azterketa zientifiko eta teknikoa egitea lurraldea antolatzeko eta proiektua errentagarria izateko, bai sozialki zein ingurumen alorrean. Gainera, herritarrei galdetu behar zaie, kontsulta serio batean".

Geroa Bai: "Defendatzen dugun trena akordio programatikoarena da"

Eskakizunen aurrean, lasai agertu da Koldo Martinez Geroa Baiko bozeramailea. Horren arabera, "guk defendatzen dugun trena akordio programatikoarena da", baina Hitzarmen Ekonomikoaren bidez finantzatzen saiatuko direla azaldu du.

Martinezek uste du Abiadura Handiko Trenaren inguruan parte hartzea bultzatzeko "mugimenduren bat" egin behar dela: "Iritziak eta ideiak bildu behar dira, ez da mugiezina den proiektu bat. Ona da gizarteak, agente sozial eta sindikalek euren iritzia ematea".

Geroa Baiko eledunak azaldu duenez, Ministerioari bazkideen artean adostutako proposamen bat adostea da Foru Gobernuaren asmoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Geroa Bai Nafarroako albisteak Ekonomia berriak EH Bildu Araba Izquierda-Ezkerrari buruzko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua albisteak Nafarroako Parlamentuko albisteak Nafarroako Podemos gaur AHT Euskadi