Politika -
Omenaldia
Omenaldia Deban, Gerra Zibilean fusilatutako alkate eta zinegotziei
Horien artean Polentzi Markiegi alkate ohia gogora ekarri dute, "herri honen eraikuntzan azken muturreraino inplikatu zen belaunaldi oso baten adibide bat gehiago", Markel Olanoren hitzetan.
EiTB.EUS
Omenaldia egin diete igande honetan, Deban (Gipuzkoa), Gerra Zibilean fusilatutako alkate eta zinegotziei. Polentzi Markiegi herriko alkate ohia gogora ekarri dute, eta hark utzirikoa aldarrikatu dute.
Markiegiren senideekin batera, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, EAJ eta EH Bilduko ordezkariak eta Pedro Bengoetxea Debako alkatea ere izan dira ekitaldian.
Omenaldian udalerriko banda eta korua izan dira, eta Polentzi Markiegik fusilatua izan baino lehen idatzitako kartak irakurrita amaitu dute. Ekitaldia amaitzean, 20 lore jarri dituzte hildako pertsonak omentzeko.
Markel Olanok hitzaldian honako hau esan du: "Markiegi herri honen eraikuntzan azken muturreraino inplikatu zen belaunaldi oso baten adibide bat gehiago da". Aitortza hori hamahiru herritako beste 19 alkate eta zinegotzi gipuzkoarretara ere zabaldu du; 1936tik 1938ra bitartean fusilatu zituzten guztiak.
Diputatu nagusiak azaldu du Markiegiren memoriak bizirik dirauela herrian, eta historia gaurkoa bezalako ekitaldien bidez ikusaraztea dela “ahanzturari aurre egiteko errezetarik onena” gaineratu du. “Horrela erakutsiko diegu, fusilatu zutenei, totalitarismoaren eta zentzugabekeriaren izenean jardun zirenei, irabazi bai, baina ez zutela konbentzitu; Markiegi bezalako pertsonak, haiek ordezkatzen duten guztiarekin, bizirik diraute herri honen memoria kolektiboan, eta haien ideiak are biziago daude", azpimarratu du.
Debako alkate ohiaz gain, Gerra Zibilean frankistengatik fusilatuak izan ziren honako zinegotzi eta alkateak gogoratu dituzte: Aiako alkatea eta Andoain, Asteasu, Elgeta, Irun (bi), Arrasate, Oiartzun (bi), Errenteria, Donostia (bost), Tolosa (bi), Urnieta eta Villabonako zinegotziak. Gipuzkoako ahaldun nagusiak nabarmendu du jatorri eta ideologia desberdineko pertsonak zirela, gerran aurkako bandoetan egon zirenak: jeltzale eta errepublikanoetatik hasi eta sozialista eta karlistetaraino. “Guztien arteko lotura zen kargu hautetsiak zirela, herriaren borondatea ordezkatzen zutela, eta horregatik erail zituzten", adierazi du ahaldun nagusiak.