Politika -
Terrorismoaren aurkako borroka
ETArekin harremanik duen argitzeko eskatu dio oposizioak Chavezi
Lehenago, Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak esan duenez, "ez dago inolako frogarik, eta ezerk ez digu inola ere aditzera eman" Venezuelako Gobernuak gai horrekin harremanik duenik.
Erredakzioa
Venezuelako oposizioak ETArekin harremanik duen argitzeko eskatu dio Hugo Chavez Gobernuko presidenteari, Javier Atristain eta Juan Carlos Besance ETAko ustezko kideek Venezuelan ustez jaso zuten entrenamenduaren harira.
Agiri batean, Batasun Demokratikoaren Mahaiak (MUD) "ETA eta beste talde terrorista batzuekin duen konpromisoaz erantzun serioa eta behin betikoa ematea" eskatu dio Venezuelako Gobernuari.
MUDek uste du beharrezkoa dela, izan ere, Chavezen Gobernua "etengabe lotzen dute, nazioarteko erakunde askotan, ETA eta beste talde terrorista batzuekin".
Oposizioko alderdien koalizioaren esanetan, "zenbait bozeramaile ofizialek, Venezuelak Espainian duen enbaxadoreak kasu, testigantza larri horiei sinesgarritasuna kendu nahi izan badiete ere, Espainiako Gobernuaren ustez egiazkoak dira".
Espainiako Gobernuak sinesgarri jo zuen ETAko bi ustezko kide Venezuelan trebatu zirela, baina Isaias Rodriguez enbaxadoreak zalantzan jarri du ETAko ustezko kideek testigantza horiek "euren borondatez" egin dituztela.
Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak esan duenez, "ez dago inolako frogarik, eta ezerk ez digu inola ere aditzera eman" Venezuelako Gobernuak horrekin zerikusirik duenik.