Politika -

Presoak

EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSE-EE, espetxe legea aldatzearen alde

Kartzela politika ardatz hartuta Foro Sozialak antolatutako mahai inguruan, urruntzearen kontra eta gaixo dauden presoak aske uztearen alde mintzatu dira lau alderdiak.

Andeka Larrea, Rafaela Romero, Julen Arzuaga eta Amaia Arregi. Argazkia: Foro Soziala
Andeka Larrea, Rafaela Romero, Julen Arzuaga eta Amaia Arregi. Argazkia: Foro Soziala
Andeka Larrea, Rafaela Romero, Julen Arzuaga eta Amaia Arregi. Argazkia: Foro Soziala

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJ, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSE-EE alderdiak geroz eta adostasun puntu gehiago dituzte kartzela politikaren inguruan. Foro Sozialak antolatuta ostegun honetan Bilbon egin den mahai inguruan, lau alderdi horiek urruntzearen kontra eta gaixo dauden presoak aske uztearen alde mintzatu dira. Halaber, espetxeen kudeaketa Euskal Autonomia Erkidegoaren (EAE) esku uztea aldarrikatu dute.

Bizkaiko Abokatuen Kolegioan egindako mahai inguruan, PP ez Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten beste alderdi guztiek parte hartu dute.

Amaia Arregi EAJ legebiltzarkideak adierazi duenez, "salbuespenezko legedia ohiko zerbait bihurtu da; ez zuen zentzurik lehen eta gutxiago orain" ETAk bere jarduera armatua behin betiko utzi eta armak entregatu ondoren. Espetxe politikari dagokionez, alderdi politiko guztien borondatea beharrezkoa dela onartu du, PP barne.

EH Bilduko Julen Arzuaga legebiltzarkidearen hitzetan, "presoen eskubideei erantzuteko eta lege berriak ondorio praktikoak izateko lan egin behar da". Arzuagak Ipar Euskal Herriko adibidea jarri du: "Talde politiko ezberdinek presoei buruz hitz egiteko akordioa lortu dute eta orain hori Euskal Herrira ekarri behar da".

Andeka Larrearen (Elkarrekin Podemos) iritziz, alderdien arteko adostasuna espetxe legedia aldatzeko lehen pausoa izan daiteke. Haren esanetan, zaharkitua dago eta ahalik eta denbora tarterik laburrenean moldatu behar da. Halaber, Larreak PPren jarrera kritikatu du: "Nola aldatuko ditugu legeak horretarako gaitasuna duenak borondaterik ez badu?".

Bestalde, Rafaela Romero PSE-EEko legebiltzarkidearen arabera, garrantzitsua da lege berria adostasunez onartzea. "Oraingoz bi puntutan gaude ados: preso gaixoak eta urruntzea. Hori dela eta, asko daukagu egiteke".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak PNV-EAJ Eusko Legebiltzarra albisteak Presoak bideoak Alderdi politikoak bideoak EH Bildu Gipuzkoa Euskal sozialistak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Podemos Ahal Dugu Euskadi Adiskidetzea Euskadin