Politika -
MEMORIA HISTORIKOA
Gerra Zibilean eta frankismoan espetxeratutako emakumeak gogoratu ditu Gasteizek
Emakumeek errepresio 'bikoitza' jasan zutela esan du Gorka Urtaran alkateak: 'errepresio ideologikoa eta genero errepresioa'.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gasteizko Udalak bigarren 'memoriagunea' inauguratu du hirian. Oraingo honetan, Gerra Zibilean eta frankismoan espetxeratutako emakumeak oroitu dituzte. Jesusen Bihotzaren ikastetxearen parean jarri dute oroitarria, Gerra Zibilaren garaian espetxea izan baitzen eraikin hori.
Gorka Urtaran Gasteizko alkateak eta Maruja Ruiz espetxean egondako emakumeetako baten alabak erakutsi dute plaka, bertaratu diren herritarren eta ordezkari politikoen aurrean.
Urtaranek nabarmendu duenez, espetxean egondako emakume haiek errepresio "bikoitza" jasan zuten. Alde batetik, alkatearen hitzetan, "errepresio ideologikoa" jasan zuten, erregimenari aurre egiteagatik, eta bestetik, "genero errepresioaren biktima" ere izan ziren, bizitza publikoan parte hartu nahi izateagatik. "Ikusezin bihurtu nahi zituzten, eta guk memoriara ekarri nahi ditugu", esan du alkateak.
Ruizek ere hartu du hitza ekitaldian. Omenaldia "berandu" datorrela azpimarratu du, baina alderdi guztiak ekitaldian bat eginda ikusteak "poza" ematen diola erantsi du.
Gaurkoaren ondoren, Gasteizko Udalak beste bi 'memoriagune' jarriko ditu hirian.