Politika -

ERC-ren proposamena

Diputatuen Kongresuak baztertu egin du Koroaren aurkako irainak Zigor Kodetik kentzea

ERCren lege-proposamena atzera bota dute PPk, PSOEk, Ciudadanosek eta Talde Mistoko zenbait kidek, kontrako 249 botorekin.

Gabriel Rufian ERCko diputatua Kongresuan. Argazkia: EFE
Gabriel Rufian ERCko diputatua Kongresuan. Argazkia: EFE
Gabriel Rufian ERCko diputatua Kongresuan. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koroaren aurkako irainak despenalizatzea proposatu du ERCk, baina Diputatuen Kongresuak atzera bota du ekimena. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainia zigortu berri du, Espainiako errege-erreginen argazkiak erretzea adierazpen askatasuna dela iritzita.

ERCren lege-proposamena atzera bota dute PPk, PSOEk, Ciudadanosek eta Talde Mistoko zenbait kidek, kontrako 249 botorekin.

Ez da Koroaren eta Espainiaren kontrako irainak Zigor Kodetik ateratzeko lehen saiakera; izan ere, independentistak 2008, 2011 eta 2012an saiatu ziren horretan, baina emaitza berdina lortu zuten. 2016ko abenduan, Ganberako Justizia Batzordean aurkeztu zuten antzeko ekimena ere atzera bota zuten.

Rufian: "155. artikuluaren bloketik ateratzea eskatzen dizuegu"

Lege-proposamena Gabriel Rufian ERCko diputatuak defendatu du Kongresuan. Rufian PSOE konbentzitzen saiatu da, PPren eta Ciudadanosen eskutik ez zuelako “ezer ere” espero.

Lehendabizi, aberriaren aurkako laidoak aipatu ditu ERCko ordezkariak: “bankuak erreskatatzen 40.000 milioi galtzea” eta, Rodrigo Rato Espainiako Gobernuko presidenteorde ohiari erreferentzia eginez, Parlamentuan azalpenak eskatzen zaizkienean “lapurrek eta gangsterrek adiskide merkatua da” erantzutea, besteak beste. Ondoren, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren sententzia ikusita PSOEk zer egin behar duen galdetu du Rufianek.

“155. artikuluaren bloketik ateratzea eskatzen dizuegu. Espainia Estrasburgora apur bat hurbiltzea eta Ankaratik aldentzea espero dugu gaur; herri osoak espero du. PSOErik onena espero dut, Kongresu honi hainbat arratsalde loriatsu eman dizkion PSOE duina”, adierazi du Rufianek.

Baina alferrik izan da, Jose Andres Torres Mora diputatu sozialistaren erantzuna ezezko biribila izan delako: “Askatasuna ez da nire gutizia gauzatzea, norbaitek bere apetaren azpian ez menperatzea baizik”. Kritika despenalizatu beharrean, “ahozko indarkeria balioztatu” nahi izatea leporatu dio Torres Morak ERCri.

EAJk, ostera, babestu egin du ekimena. Mikel Legarda diputatuaren iritzian, ez da Monarkiaren edo ikurren inguruko eztabaida bat, demokraziaz hitz egitea baizik. Gatazka kasuetan demokrazia gailendu behar dela azpimarratu du jeltzaleak, nahiz eta zenbaitetan ikurren inguruko adierazpenak bidegabeak eta iraingarriak izan.

Era berean, Oskar Matute (EH Bildu), Marta Sorlí (Compromis) eta Feliu Guillaumes (PDeCAT) parlamentariek ere babestu dute ERCren proposamena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainiako errege-etxea Diputatuen Kongresua azken ordukoa Politika albisteak Juan Carlos Ia berriak Espainiako Felipe VI.a albisteak Alderdi politikoak bideoak Eguneko albisteak Giza Eskubideen Europako Auzitegia gaur