Politika -
Rekarte kartzelara bidali dute, Mexikok espainiaratu ostean
Barne Ministerioak azaldu zuenez, Rekarte atxilotzeko eta kartzelatzeko agindua emana zegoen, 1987. urtean Mari Cruz Yoldi egunkari saltzailea hiltzea leporatuta.
Erredakzioa
Juan Carlos Rekarte Gutierrez ETAko ustezko kidea kartzelara bidali du gaur Fernando Andreu Auzitegi Nazionaleko epaileak. Astelehenean Mexikon atxilotu zuten, eta atzo, berehala, espainiaratzea erabaki zuten.
Espainiako Barne Ministerioak azaldu duenez, Rekarte atxilotzeko eta kartzelatzeko agindua emana zegoen, 1987an ETAk egindako hilketa batekin zerikusia izatea egotzita. Urte horretan ETAk Mari Cruz Yoldi egunkari saltzailea hil zuen. ''Amaiur'' ETAko taldeko kidea izatea ere leporatu dio epaileak.
Herritar baten salaketari esker atzeman zuten Rekarte. Hain zuzen ere, espainiar bat legez kanpoko egoeran zegoela jakinarazi zuen.Espainiako Poliziak eta Inteligentzia Zentro Nazionalak (CNI) auzia aztertu eta gero, pertsona hori Juan Carlos Rekarte Gutierrez ETAko ustezko kidea dela ondorioztatu zuten.
Mexikon legez kanpo zegoenez, Gobernuak kanporatu egin zuen eta atzo goizean iritsi zen Madrilera, Auzitegi Nazionalaren esku geratzeko.
Barne Ministerioaren arabera, Juan Carlos Rekarte 80ko hamarkadan sartu zen ETAn, eta 1986ko amaieran Amaiur taldeko kide egin zen.
Besteak beste, 1987ko urriaren 17an Iruñeko "Union y el Fenix Español" enpresaren eraikinaren aurka egindako atentatua egozten diote talde horri. Atentatuan maria Cruz Yoldi Arradres egunkari saltzailea hil zuten.