Politika -

ETAren amaiera

ETAren historiaren amaiera marraztuko duten gakoak

ETAren azken agiriak eta Kanboko ekitaldiak agertoki politiko berri bat zabalduko dute Euskal Herrian egun gutxi barru, eta bizikidetza izango da ondorengo urteotako erronka nagusia.

Arnaga etxea, Kanbon. Argazkia: Wikipedia
Arnaga etxea, Kanbon. Argazkia: Wikipedia
Arnaga etxea, Kanbon. Argazkia: Wikipedia

I. A. | EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bakerako aste erabakigarria izango da maiatzaren aurrenekoa Euskal Herriaren historian. Sortu zela 60 urte igaro ondoren, ETAk behin betiko amaiera iragarriko du datozen egunotan.

Amaieraren eszenifikzio ekitaldia

ETAren amaiera ekitaldia maiatzaren 4an izango da Kanbon. Arnaga etxean, 12:00etan, da hitzordu historikoa, Bake Bidea, Nazioarteko Harreman Taldea eta Foro Soziala taldeek antolatuta. Ekitaldiaren egiturari eta edukiari buruzko xehetasunik ez da zabaldu, baina antolatzaileek ziurtatu dute laburra izango dela.

Bertako zein nazioarteko ordezkaritza zabala izango dela aurreratu dute. Besteak beste, Kanbon izango dira Gerry Adams, Sinn Feineko presidente ohia eta Jonathan Powell, Tony Blair lehen ministroaren kabinete burua izan zena.

Euskal eragileei dagokienez, EAJk, EH Bilduk eta Podemos Euskadik dagoeneko iragarri dute ekitaldian parte hartuko dutela. Han izango dira, halaber, Ipar Euskal Herriko alderdi guztietako ordezkariak, eta Euskal Elkargoko presidentea.

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, berriz, ez dute ordezkaritzarik bidaliko ETAren amaiera ekitaldira.

Adierazpen baten irakurketarekin amaituko da Kanboko agerraldia.

ETAren azken agiria

Kanboko ekitaldiaren aurretik edo ondoren ETAk bere behin betiko desegitea iragarriko du azken agiri baten bidez.

Jarduera armatuak bertan behera utziko zituela iragartzeko komunikatua Aieteko Bake Konferentzia egin eta hiru egunera etorri zen, 2011ko urrian. Oraingoan, hainbat iturriren arabera, litekeena da amaiera ekitaldiaren aurretik heltzea azken agiri hori.

Prozesuaren gertuko iturrien arabera,  duela zazpi urte bezala, eta nazioartean oihartzuna izate aldera, oraingoan ere, BBC komunikabidea aukeratuko luke ETAk bere azkenaren berri emateko.

Presoen etorkizuna

ETA desegiteak agertoki berri bat zabalduko du Euskal Herriko bake prozesuan, eta ikusteko dago, besteak beste, espetxe politikan eraginik izango duen edo ez.

Egun, 278 presok osatzen dute EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboa; Euskal Herriko espetxetan 4 preso ari dira zigorra betetzen, eta gainerakoak Espainiako (221), Frantziako (52) eta Portugalgo (1) espetxeetan sakabanatuta daude.

2013ko abenduaren 28an kaleratutako agiri batean, EPPK kolektiboak aurreneko aldiz "eragindako mina" aitortu zuen, eta presoen "etxeratze prozesua" ahalbidetzeko  "legedia" onartzearen alde agertu zen. Hitzez hitz, honela zioen agiriak: "etxeratze prozesua, Euskal Herriratzea lehentasunez eta kaleratzea ezinbestez, lege baliabideak erabiliz gauzatzea horrek inplizituko gure zigorraren onarpena dakarren arren".

Iazko udan, berriz,  "juridikoki eta politikoki legedi arruntaren bidea jorratzeko" erabakia hartu zuten ETAko presoek, eta horretarako  "lehen gradua bertan behera utzi behar dela" azpimarratu zuten. Dagoeneko, hainbat preso hasi dira bide hori jorratzen, bakarka jarritako helegiteen bidez.

Azken urteotan, Euskal Herriko gehiengo sozialak eta politikoak behin eta berriz eskatu dute espetxe politika aldatzea eta ETAko presoei ezartzen zaizkien salbuespenezko neurriak bertan behera uztea. Sarek deituta, urtero urtarrilean egiten den manifestazio jendetsua eta anitza da aldarrikapen horren irudia.

 

Bestelako keinuak egiten ari da Frantziako Gobernua, presoen auziari dagokionean

Alabaina, Espainiako Gobernuak orain arteko politikari eusteko asmoa agertu du beti. Gaur bertan, Juan Ignacio Zoido Barne ministroak esan du ETAri "inork ez diola ezer emango", deseginda ere. Espetxe onurak izateko, "damua" agertzea eta "justiziarekin kolaboratzea" beharrezkoak izango direla esan du ministro popularrak. "Ez da nahikoa agiri soil bat sinatzea", gaineratu du.

 

Bestelako keinuak egiten ari da Frantziako Gobernua, presoen auziari dagokionean, eta urtarrilean Txetx Etcheverry bake artisauak Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean baieztatu bezala, Frantziako kartzeletan dauden ETAko presoak Euskal Herrira gerturatzen hasi da  Emmanuel Macronen Exekutiboa.

Lehendabiziko hurbilketak otsailean egin zituzten, Zigor Garro eta Julen Mendizabal presoak Mont de Marsango kartzelara eramanda. Lannemezango kartzelara ere eraman dituzte euskal presoak, euren etxeetatik gertuago egoteko.

Halere ere, bi espetxeok ez dute emakumezkoentzako modulurik, eta Nicole Belloubet Frantziako Justizia ministroak onartu du Frantziako kartzeletan dauden ETAko 13 emakumezko presoentzat ez dutela oraingoz "intenbiderik".

Biktimen papera

ETAren ondorenak utzitako agertoki horretan biktimek izango duten lekua marraztea izango da bake prozesuaren beste erronketako bat.

Behin betiko amaieraren iragarpenaren atarian, ETAk eragindako kalteari eta "samin handia"ri buruzko adierazpena kaleratu zuen, apirilaren 20an, "zinez sentitzen dugu" esanez eta halakorik ez errepikatzeko konpromisoa azalduz.

Ez zituen alde guztiak asebete komunikatu horrek, besteak beste, biktimen arteko bereizketa egin zuelako ETAk,  gatazkan parte hartze zuzena izan zuten biktimak eta inolako erantzukizunik ez zutenen artean. Gogor kritikatu dute bereizketa hori, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetza idazkariak.

COVITE eta AVT biktimen elkarteek ere onartezintzat jo  dute biktimen arteko bereizketa egitea, eta azken agiri horrekin ETAk bere burua zuritzea beste helbururik ez duela salatu dute.

 

ETAren amaiera: erreportaje bereziak, ETBn gaurtik aurrera

 

Erakundearen desegitea dela eta, gaurtik, ETBko albistegiek erreportaje sorta berezi bat eskainiko dute, adituen eta, modu batera edo bestera, ETA gertutik bizi izan dutenen lekukotzekin.

Igande honetan, Gerry Adamsi eta Jonathan Powelli egindako elkarrizketa eskaini du ETBk:

 

Gerry Adams eta Jonathan Powell, ETAren amaieraren aste erabakigarrian
Gerry Adams eta Jonathan Powell, ETAren amaieraren aste erabakigarrian
Gerry Adams eta Jonathan Powell, ETAren amaieraren aste erabakigarrian

1:45

 

Juan Mari Atutxa eta Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako sailburu ohien ikuspegiak ere jaso ditu ETBk:

 

 

Juan Mari Atutxa eta Rodolfo Ares, ETAren amaieraz
Juan Mari Atutxa eta Rodolfo Ares, ETAren amaieraz
Juan Mari Atutxa eta Rodolfo Ares, ETAren amaieraz

1:29

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika ETA Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Adiskidetzea Euskadin