Politika -

Gurtel auzia

Barcenasen emaztea eta Ana Matoren senar ohia bermepean espetxera bidali dituzte

Epaimahaiak Rosalia Iglesiasi eta Jesus Sepulvedari 200.000 eta 100.000 euroko fidantzak ezarri dizkie, hurrenez hurren. Beste lau zigortu aske utzi ditu kautelazko neurriekin.

Rosalia Iglesias, Luis Barcenas diruzain ohiaren emaztea, Auzitegi Nazionalean. Argazkia: EFE
Rosalia Iglesias, Luis Barcenas diruzain ohiaren emaztea, Auzitegi Nazionalean. Argazkia: EFE
Rosalia Iglesias, Luis Barcenas diruzain ohiaren emaztea, Auzitegi Nazionalean. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gurtel auziko epaimahaiak Rosalia Iglesias, Luis Barcenas PPko diruzain ohiaren emaztea, 200.000 euroko bermepean espetxera bidali du. Era berean, Jesus Sepulveda, Ana Matoren senar ohia, 100.000 euroko fidantzapean kartzelara bidali du. Bestalde, beste lau zigortu kautelazko neurriekin aske utzi ditu, horien artean, Francisco Correaren emazte ohia.

Oraingoz, auziko sei zigorturen inguruko erabaki bat hartu du Auzitegi Nazionalak. Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzak zortzi zigortu espetxeratzea eskatu zuen astelehenean, ihes egiteko arriskua dagoela argudiatuta.

Rosalia Iglesiasek eta Jesus Sepulvedak fidantzak ordaintzen baldin badituzte, gainerako lau zigortuei ezarritako kautelazko neurri berdinak jarri dizkie epaimahaiak: pasaportea kendu, baimen judizialik gabe Espainiatik ateratzeko debekua eta aldizkako agerraldiak.

Carmen Rodriguez Quijano, Correaren emazte ohia; Jose Luis Izquierdo (17 urte eta 7 hilabete) sareko kontularia; Juan Jose Moreno (15 urte eta bi hilabete) Madahondako (Madril) zinegotzi ohia eta Antonio Villaverde Gurteleko izen-mailegatzailea (8 urte eta bi hilabete) kautelazko neurri berdinekin aske utzi dituzte.

Ricardo Galeote (7 urte eta 10 hilabete) Esteponako (Malaga) zinegotzi ohiaren eta Carlos Clemente (5 urte eta 9 hilabete) Madrilgo kontseilariorde ohiaren inguruko erabaki bat hartzea soilik falta da orain. Fiskaltzak biak espetxeratzea eskatu zuen.

Bestalde, Teresa Gabarra (4 urte), Alberto Lopez Viejo Madrilgo kontseilari ohiaren emaztea; Pedro Rodriguez Pendas (3 urte), Lopez Viejoren aholkularia; Jesus Merino PPko diputatu ohia (3 urte eta 7 hilabete) eta Ivan Yañez Barcenasen izen-mailegatzaileari (3 urte) pasaportea kentzea eta beste neurri batzuk ezartzea eskatu zuen fiskalak, baina kartzelaratzerik ez.

Astelehenean bertan, Barcenas (33 urte eta 4 hilabete), Guillermo Ortega Majadahondako alkate ohia (38 urte eta 3 hilabete) eta Lopez Viejo (31 urte eta 9 hilabete) espetxera bidali zituzten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Barcenas auzia Politika PP Ustezko ustelkeria politikoa Ustelkeriaren mapa Albisteak Espetxeen albisteak gaur