Politika -

Liburu baten aurkezpenean

Aznarrek bere burua eskaini du zentro-eskuina berreraikitzen laguntzeko

Halere, politikaren lehen lerrora itzuliko ez dela esan du Espainiako Gobernuko presidente ohiak.

Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuko presidente ohia. Argazkia: EFE
Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuko presidente ohia. Argazkia: EFE
Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuko presidente ohia. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuko presidente ohiak gaur adierazi duenez, ezinbestekoa da Espainian zentro-eskuina berreraikitzea, “deseginda” dagoelako. Bere burua eskaini du Aznarrek horretan laguntzeko, baina politikaren lehen lerrora itzuliko ez dela esan du.

Javier Zarzalejos Presidentetzako idazkari nagusi ohiak liburu bat aurkeztu du astearte honetan. Aznarrek hitza hartu du ekitaldian. Espainiak egun duen egoerarekin kezkaturik agertu da, batez ere, Katalunia orain 155.a aplikatu baino lehen zegoena baino okerrago dagoela uste duelako.

“Nire konpromisoa nire aberriarekin, Espainiarekin eta espainiarrekin da. Ez dut konpromiso alderdikoirik, ez naiz deusen militante eta ez nau inork ordezkatzen”, azpimarratu du Aznarrek.

Mariano Rajoyk PPko buruzagitza utzi eta ordu batzuk geroago, Aznarrek ez du haren izena behin ere aipatu, baina haren politikaren inguruko gogoeta kritikoak egin ditu.

Aznarren ahotan, Espainiak hiru krisi bizi ditu gaur: Kataluniako “estatu-kolpe” saiakera, alderdi sistema eta lidergoak.

 

Aznar: "Espainiako zentro-eskuina desegin dute"

 

Alderdi sistemaren krisiari erreferentzia egin dionean, eta Ciudadanos espresuki behin ere aipatu gabe, zentro-eskuina berreraikitzeko beharra nabarmendu du Aznarrek, nortasun ikurrak berreskuratzeko eta konfiantzazko proiektu bat eskaintzeko.

“Espainiako zentro-eskuina desegin dute. Baturik zegoena, gaur zatiturik dago, eta, zoritxarrez, borrokan ari direla ematen du”, adierazi du. Krisi larriagoetatik bizirik atera nahi baldin bazuen, PPk bere politikak zuzendu behar zituela ohartarazi zuen duela hiru urte, Aznarrek gogorarazi duenez.

Horregatik “irainak eta laidoak” bakarrik jaso zituela deitoratu du PPko buruzagi ohiak, baina bere burua eskaini du berriro laguntzeko.

Zentro-eskuina berreraikitzea beharrezkoa ikusten duen bezala, zentro-ezkerrak gauza bera egin beharko lukeela uste du Aznarrek, 2004tik hautsita dagoela argudiatuta.

Kataluniako egoerari dagokionez, 155. artikulua indargabetu ondoren, “kolpeak jarraitzen du, Katalunian gobernu kolpista dago, eta mugimendu independentista ez dute desegin”, azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PP Mariano Rajoy Espainia Alderdi politikoak Ustezko ustelkeria politikoa Ustelkeriaren mapa Ciudadanos Albisteak