Politika -

ESPAINIAKO AURREKONTUAK

PPk 35 milioi euro zuzendu ditu Estatuko Aurrekontuetan, EAErako partidak murriztuz

Senatuko Talde Popularrak 49 zuzenketa partzial erregistratu ditu eta horietatik 19 EAJrekin adostutako partidei dagozkie. Senatuak zuzenketa horiek onartu ostean, testua Kongresura itzuliko da.

Barreiro, EFEren artxiboko irudi batean.
Jose Manuel Barreiro PPk Senatuan duen bozeramailea. Argazkia: EFE
PPk EAEri eragiten dioten 35 milioiren gaineko zuzenketak jarri ditu

1:35

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Senatuko Talde Popularrak 49 zuzenketa partzial aurkeztu dizkio 2018ko Estatuko Aurrekontu Orokorren proiektuari, eta horietatik 19 EAJrekin adostutako partidei loturikoak dira. Gaur erregistratutako zuzenketa horien ondorioz, hasiera batean EAErako aurreikusitako diru-partidak 35 milioi euro murriztuko dituzte.

35 milioi horietatik 26,6 milioi Lanbiderentzat izango ziren, eta 5,5 milioi, Fidetec elektrizitatea biltegiratzeko erakunde publikorakoarentzat.

Halaber, beste zuzenketa horietako batek Biscay Marine Energy Platform (BiMEP) deituriko azpiegiturari eragiten dio. Hain zuzen ere, 3 milioi euro gutxiago jasoko ditu.

Alderdi Popularrak Senatuan duen taldeak hainbat zuzenketa aurkeztu dizkio 2018ko Estatuko Aurrekontu Orokorren proiektuari. Zuzenketak "landa-garapenari eta lurralde azpiegiturei buruzkoak eta energia alternatiboak sustatzekoak" dira, taldearen arabera.

Aitzitik, 'popularrek' Espainiari eragiten dioten hainbat partida handitu dituzte, dozenaka zuzenketaren bitartez; urari eta ureztatzea, Aragoin abiadura handiko trena eta energia alternatiboak sustatzekoak, besteak beste.

Alderdi Popularrak Senatuan gehiengo absolutua duenez, zuzenketa horiek aurrera aterako dira, eta testua Kongresura itzuliko da gero.

Jose Manuel Barreiro PPk Senatuan duen bozeramaileak azaldu duenez, zuzenketek "izaera soziala dute bereziki", landa eremuan garatzeko diren energiei dagozkienak batez ere.

"Ez dira talde edo lurralde jakin baten kontra aurkeztutako zuzenketak, inondik inora", esan du EAJren kaltetan aurkeztu ote dituzten galdetu diotenean. Barreiroren hitzetan, PPren gobernuak aurrez lurralde azpiegituren kontura hartutako konpromisoak bete nahi dituzte orain.

"EAJk Gobernuari emandako babesa kendu zionetik, gure jatorrizko aurrekontuetara itzultzeko modua dugu", azaldu du.

Barreiroren hitzetan, "ez da inoren kontra joatearren, mendekuz jokatzearren, Euskadirentzat planifikatuta zeuden azpiegiturak defendatzen ditugu".

 

EAJ: "Erabakiak 35 milioi euro baino gehiago kenduko dizkie EAEko herritarrei"

 

PPk Senatuan aurkeztutako hiru zuzenketekin “harrituta” azaldu da EBB Euzkadi Buru Batzarra. “Ezin zurituzko erabaki arduragabea” azaltzeko eskatu dio EBBk Euskadiko PPri. “Senatuan eta Kongresuan ordezkaritza duten gainerako alderdi politikoei erantzukizuna” eskatu diete jeltzaleek, “Alderdi Popularraren ekimena euren botoekin ez laguntzeko, EAJ zigortzeko bururatu zaielako, baina Euskadiko herritar guztiei kalte egingo dielako”.

Astelehenetako ohiko bilera amaitu ondoren, jeltzaleen zuzendaritza “harrituta” agertu da, PPk hiru zuzenketa aurkeztu dituela modu ofizialean jakin ostean.

“Ezin zurituzko erabaki arduragabea da, enplegu eta ikerketara bideratu behar ziren 35 milioi euro baino gehiago kenduko dizkie EAEko herritarrei, XXI. mendeko gizarteen bi zutabe”, azpimarratu du EAJk.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PP Espainiako Gobernua albisteak Espainia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Aurrekontu Orokorren azken ordukoa