Politika -
Bizkaia
PPk aurrekontu akordioa hautsi du Getxon, EAJren 'jarrera mertzenarioagatik'
EAJrengan “konfiantza” galdu dutela adierazi du Raquel Gonzalez Bizkaiko PPren presidenteak. “Ezegonkortasunaren aldeko apustua egin duen alderdi batekin” fidatzen ez direla erantsi du.
Agentziak | Erredakzioa
Getxoko Udalean, aurtengo aurrekontuak onartzeko eta hiri-antolamenduko plan orokorra (HAPO) erreformatzeko akordioa hautsi du Bizkaiko PPk, EAJren “jarrera desleial eta mertzenarioagatik”.
EAJk eta PSEk osatutako udal Gobernuarekin adostasun batera heldu ziren maiatzean, baina “biharko Udalbatzara joango den EAJk ez du zerikusirik ordukoarekin”, Raquel Gonzalez Bizkaiko PPren presidenteak argudiatu duenez.
Gonzalezen hitzetan, PPk EAJrengan “konfiantza” galdu du, eta “ezegonkortasunaren eta ziurgabetasunaren aldeko apustua egin duen alderdi batekin” ez dago fidatzerik. Ondorioz, PPk ez ditu aurrekontuak eta HAPOren erreforma babestuko, osteguneko Udalbatzan.
“Mendekua izan dela esango dute beraiek –EAJk PPko Gobernuaren aurkako PSOEren zentsura-mozioa babestu ondoren-, baina eurak PP-EAJ harremanean barneratutako mesfidantzaren ondorioa baino ez da; berehala traizio egin digutelako”, kritikatu du Gonzalezek agiri batean.
Ekintza edo erabaki orok ondorio bat duela gogorarazi die Gonzalezek jeltzaleei. “EAJk ondorio horiei aurre egin beharko die orain, onartu eta zuzendu, ahal badu behintzat. Bere ekintzak koldar batenak izan dira. Aurrena bazkideak suntsitu ditu, eta ondoren eurak sortutako kaltea leporatzen die”, gaineratu du.
PPko buruzagiaren esanetan, “Ortuzarrek ohartarazi zuen bezala, euskal herritarrek jaso behar duten belarrondokoa, oraingoz getxotarrek bakarrik hartuko dute, EAJk harrokeriaz azaldu duen jarrera traidoreagatik, batere ideia barik, eskaintzaile onenari saltzen zaiolako”.