Politika -

Giza Eskubideen Batzordea

'Eragindako mina aitortzea' eta sakabanaketa amaitzea eskatu du Legebiltzarrak

PPk ez beste taldeek beste espetxe politika berri bat galdegin dute Giza Eskubideen Batzordean onartutako ebazpen batean.

Giza Eskubideen Batzordea, gaurko bileran. Argazkia: @PVasco_EuskoL
Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordea. @PVasco_EuskoL
EH Bilduk onartu du egindako mina aitortzea sakabanatzea amaitzeko

1:41

Agentzia | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrak, PP ez beste taldeen babesarekin, ebazpena onartu du gaur euskal presoen sakabanaketa amaitzeko eskatuz eta "eragindako minaren aitortza" aldarrikatuz elkarbizitzan aurrera egiteko bidean.

EH Bilduk legez besteko proposamena aurkeztu du Xabier Rey Urmeneta presoaren heriotzaren inguruan, eta horixe eztabaidatu dute Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean.

EAJk, Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk egin dute testuaren alde; PPk kontra bozkatu du. Onartutako ebazpenean sakabanaketaren eta euskal presoei ezartzen zaizkien "aparteko isolamendu neurrien" kontra azaldu dira taldeak.

Hala, "espetxe politika berri bat" aldarrikatu dute, "kartzela zigorra familia eta lagunengandik urrun betearaztea" saihestuko duena.

Halaber, EH Bilduren proposamena osatzeko zuzenketa aurkeztu dute EAJk eta PSE-EEk, eta hori ere onartu du Legebiltzarrak, PP salbu, gainerako taldeen babesarekin. Alderdi Popularrak zuri bozkatu du. Adostutakoaren arabera, beharrezkoa da "elkarbizitza politiketan aurrera egitea, eta bide horretan egokiak dira indibidualizazio eta gizatasun printzipioak eta eragindako mina aitortzea".

Taldeen adierazpenak

Eztabaidan Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak salatu duenez, dispertsioak "ez du justifikaziorik" eta "elkarbizitzan eta normalizazio politikoan" aurre egiteko espetxe politika aldatu behar da. Arzuagaren esanetan, "onartezina da Alderdi Popularrak sistema horren alde egitea, horrek hil baitzuen Xabier Rey presoa".

EAJren izenean, Iñigo Iturratek esan du Legebiltzarraren zein euskal gizartearen gehiengo zabal bat presoak hurbiltzearen alde dagoela. Eragindako minaren aitortzaren beharraz onartutako ebazpena hizpide hartuta, "aurrerapausoa" dela azpimarratu du.

Pili Zabala Elkarrekin Podemosen ordezkariaren esanetan, bada garaia "salbuespeneko" espetxe politika horrekin "behin betiko amaitzeko". Gogorarazi duenez, ETA deseginda dago, eta duela sei hilabete utzi zuen jarduera armatua.

Rafaela Romero (PSE-EE) azpimarratu duenez,  bere alderdiak "beti defendatu" du dispertsioaren amaiera eta hura aplikatzea "Espainiako ordenamendu juridikoa betetzea" baino ez dela. "Legea betetzea ez da inoiz amore ematea", erantsi du.

Azkenik, Carmelo Barrio PPko legebiltzarkideak hitz gogorrak izan ditu EAJren eta PSE-EEren kontra, eta EH Bilduri bere helburuak lortzen "laguntzea" egotzi die. Barrioren esanetan, sakabanaketa "erabat legezkoa da".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV PP Eusko Legebiltzarra Presoak Alderdi politikoak EH Bildu PSE-EE Podemos Ahal Dugu Euskadi Bakea Euskadin