Politika -
Foru eta udal hauteskundeak
Olano eta Goia, Gipuzkoa eta Donostiarako EAJren hautagai izendatu dituzte berriro
Ekitaldian, EAJ azken hiru urteetan Gipuzkoa aldatu duen alderdia izan dela defendatu du Ortuzarrek, Bilduren garaietako "iskanbila handiak" atzean utzita.
Agentziak | Erredakzioa
Markel Olano eta Eneko Goia izango dira, hurrenez hurren, EAJren Gipuzkoa eta Donostiarako hautagaiak 2019ko foru eta udal hauteskundeetan. Donostiako Kursaal aretoan, #Etorkizunerantz lemapean aurkeztu ditu alderdi jeltzaleak. Ahaldun nagusia eta alkatea berretsiak izaten saiatuko dira.
EBBko presidente Andoni Ortuzarrek EAJ Gipuzkoa aldatu duen alderdia izan dela defendatu du, Bilduren etapako "iskanbila handietatik" urrun. Alkate eta diputatu jeltzaleek "geldirik eta menderatuta" zegoen lurraldeari buelta eman diotela esan du.
Berriz aukeratuak izatea nahi duten Markel Olano eta Eneko Goiaz gain, Irungo alkategai Xabier Iridoy eta Eibarko Josu Mendicute ere izan dira Kursaalean.
"Gauzak ondo egiten ari gara, modu sinplean eta zaratarik gabe. Hori nabarmena da Gipuzkoan", esan du Ortuzarrek. EAJko hautetsiak ez dira "eztabaida antzuetan galdu".
Azken asteetan, zentsura-mozioa eta aurrekontuak tarteko, EAJ mugiarazi duena, erabaki "zail eta konplexuetan" hartzeko momentuan, “Euskadiren ongizatea eta euskal herritarren interesa” izan dira.
Markel Olano ahaldun nagusiak esan duenez, EAJ foru gobernuan egonda, "iraganeko eztabaidak" atzean utzi, eta "konfiantza, aurrerabidea eta kohesioan" oinarritutako eredua jarri dute martxan.
Eneko Goia alkatearentzat, Donostiak eta lurraldeak "elkarren ondoan" lan egin behar dute, aurrera egiteko.