Politika -
Sanchezen gobernu berria
Doakoa izango den lehenetariko autobidea da AP-1a, Burgos eta Armiñon artekoa
Arabakoaz gain, AP-7a, Alacant eta Tarragona artekoa; eta AP-4a, Sevilla eta Cadiz artekoa daude. Kontzesioa 2018an eta 2019an bukatzen dute hirurek.
Agentzia | Erredakzioa
Espainiako Gobernuaren Sustapen Ministerioak autobideak publiko bihurtu nahi ditu, eta horrekin batera, kontzesioa bukatzear duten horietan bidesariak ezabatzeko asmoa iragarri du. Halaber, Estatuak erreskatatutako bederatzi autobideak lehiaketara ateratzeko plana aztertuko du.
"Bidesaria kentzea erabaki dugu", esan du Jose Luis Abalos ministroak El Pais egunkariari eskainitako elkarrizketan. Doako bihurtzen dituzten aurrenekoen artean honakoak daude: Euskal Herriraino heltzen den AP-1 autobidea, Burgos eta Armiñon (Araba) artekoa; AP-7a, Alacant eta Tarragona artekoa; eta AP-4a, Sevilla eta Cadiz artekoa. Kontzesioa 2018an eta 2019an bukatzen dute hirurek.
Neurri hori aurrekaria izango da kontzesioa 2021ean amaitzen duten beste batzuentzat: AP-2a, Zaragoza eta Mediterraneo artekoa; AP-7a, Tarragona eta La Jonquera eta Montmelo eta El Papiol artean.
Porrot egindako autobideei dagokienez, Abalosen esanetan, "PPren aurreko gobernuak emandako datuak ez datoz bat berriz esleituta lortuko genituzkeen diru-sarrerekin, eta Estatuak bere gain hartu beharko lukeen ondare-erantzukizunagatik ordaindu beharreko kostuekin".
Ministroaren aburuz, esleipenengatik aurreikusitako diru-sarrerak 700 milioi eurokoak dira, eta ondare-erantzukizunaren gastuak 2.000 eta 2.600 milioi euro artekoak. PPren Gobernuak 1.000 milioi euroko diru-sarrerak eta 1.800 milioi euroko kostuak iragarri zizkien.
"Zenbat diruz ari garen jakin behar dugu zehatz-mehatz, Estatuko defizitari zelan eragingo dion", adierazi du Abalosek. Horrez gain, ohartarazi du autobide horiek zituzten kontzesioek "arazo judizialak" eragingo dituztela.