Politika -

Jarraibideak erakundeentzat

Jaurlaritzak Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Plana onartu du

Jaurlaritzako sailei, udalei eta aldundiei zuzendutako dokumentua da, euskal herri-aginteek emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan izango duten jarduera zuzentzeko asmoz.

Artolazabal, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua. EiTBren bideo batetik hartutako irudia
Artolazabal, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua. EiTBren bideo batetik hartutako irudia

eitb.eus | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak Emakume eta Gizonen Berdintasunerako VII Plana onartu du gaur, asteartea, euskal herri-aginteek emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan izango duten jarduera zuzentzeko.

Jaurlaritzak hedabideei igorritako ohar baten bidez zabaldu duenez, "Jaurlaritzako sailek, udalek eta aldundiek berdintasunaren alorrean izan beharreko helburuak zehazten ditu planak".

Planak lau esku-hartze eremu ditu guztira; Gobernu ona (berdintasunaren aldeko gobernantza indartzeko), Emakumeen ahalduntzea (ahalduntze pertsonala eta kolektiboa), Ekonomiak eta gizarte-antolakuntza eraldatzea (emakumeentzako lanpostu hobeak), eta Emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzak (prebentzioa, eta emakume biktimei arreta).

"Planaren xedea -dio oharrak- botere publikoak gidatzea da, bizitzaren eremu guztietan emakumeen eta femeninotasunaren mendekotasuna sostengatzen eta justifikatzen duten balioak. Balio aldaketa hori nahitaezkoa da giza garapen jasangarrirako, eta beste balio batzuk sortzea eta finkatzea eskatzen du, androzentrismoak, sexismoak eta matxismoak zeharkatu gabeak".

Emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzak

Planaren bidez, politika eraginkorragoak ezarri nahi ditu Jaurlaritzak eta, horrekin, "erdigunean jarri nahi dira bizirik atera diren biktimak (emakumeak, seme alabak) eta indarkeriak haien bizitzetan dituen ondorioak".

Gobernu onaren helburuen artean, konpromiso politikoa eta berdintasunaren aldeko borondate politikoa zehaztu, eta bideragarri egiten den araudi espezifikoa, aurrekontuak, plangintza eta berdintasunerako organo eta unitate administratiboak sortu eta indartu nahi dute. Gainera, "berdintasunerako trebakuntza, administrazio publikoetako langile guztiek, baita politikariek ere, behar besteko ezagutza" izatea sustatuko dute.

Emakumeak ahalduntzeko helburua du bi programen bitartez lortu gauzatu nahi du Jaurlaritzak: "emakumeen ahalduntze pertsonalari eta kolektiboari laguntzea, feminismoak duten garrantzia azpimarratuz, emakumeen  autonomia, autoestimua,  genero-kontzientzia, osasuna eta auto-zaintza sustatuz, baliabideak hobetuz", batetik, eta "emakumeen ahalduntze sozialari eta politikoari laguntzea, emakumeen parte-hartze soziala sustatuz".

Azkenik, Jaurlaritzak ekonomiak eta gizarte antolakuntza eraldatu nahi ditu, eskubideak bermatzeko. Hala, "lan duina emakumeentzat, genero-ikuspegidun politika sozialak eta eskubideetan oinarritutako politika makroekonomikoak" egingo ditu, bestak beste.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Indarkeria matxista Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Feminismoa