Politika -
Diputatuen Kongresua
Rosa Maria Mateo aukeratu dute RTVEko administratzaile bakar
Korporazioa kudeatzeko Espainiako Gobernuaren hautagaiak aldeko 180 boto jaso ditu, beharrezkoak diren 176 baino lau gehiago; beraz, Kongresuaren gehiengo osoa lortu du.
Agentziak | Erredakzioa
Rosa Maria Mateo kazetaria aukeratu dute RTVEko administratzaile bakar, ostiral honetan, Ganberaren gehiengoaren babesa lortu ostean. Korporazioa kudeatzeko Espainiako Gobernuaren hautagaiak aldeko 180 boto jaso ditu, beharrezkoak diren 176 baino lau gehiago; beraz, Kongresuaren gehiengo osoa lortu du. Boto bat zurian eman dute, eta 131 baliogabeak izan dira.
Mateo RTVE kudeatzeko proposatu zuten, Korporazioko goi-karguak berritzeko prozesuak, Gobernuaren lege-dekretuaren bitartez, porrot egin ostean bozketa batekin; izan ere, bi diputatu nahastu egin ziren papera sartzean, eta beste bi ez ziren osoko bilkurara joan.
Lege-dekretuaren arabera, Kongresua RTVEko Administrazio Kontseiluko 10 kideak adosteko gai izan ezean, Espainiako Gobernuari zegokion mahai gainean izen bat jartzea, aldi baterako, irrati-telebista publikoa administratzeko.
Espainiako Gobernuak Mateo kazetaria proposatu zuen, eta asteazkenean egin zuten lehenengo bozketa Kongresuan. Ez zuen izendapenerako gehiengoa lortu. Lehenengo itzuli hartan, Mateok Ganberako bi herenen (234 diputatu) babesa behar zuen, eta ez zuen lortu, beraz, ostiral honetako osoko bilkuran egin dute bigarren bozketa; oraingoz honetan, gehiengo osoa baliozkotzat jo dute.