Politika -

AUTOGOBERNU LANTALDEA

Ortuzarrek, Estatutuaz: 'PSE-EE eta Elkarrekin Podemosek ez dute busti nahi izan'

Estatutu berriaren inguruan EH Bildurekin lorturiko akordioa baloratu du EAJren EBBko presidenteak, baina alderdi gehiago gehitzearen beharra azpimarratu du.

Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentea. Artxiboko argazkia: EFE
Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentea. Artxiboko argazkia: EFE
Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentea. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIA | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentearen iritziz, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek ez dute egoerak eskatzen zuen maila eman Eusko Legebiltzarreko Autogobernu lantaldean. "Kartak ezkutatu dituzte eta ez dute busti nahi izan", gaineratu du. Hori dela eta, mugitzeko eskatu die.

"EH Bildurekin lorturiko akordioari balioa ematen diogu, baita egindako keinu politikoari ere; izan ere, bere ibilbidea historikoan defendatutakoa baino posizio pragmatikoagoetara gerturatu da. Hori mundu guztiak baloratu behar du, baina alderdi gehiago gehitu nahi ditugu eta ez da guk nahi ez dugulako izango", aldarrikatu du. Horren aurrean, eta orain arte ez direla mugitu iritzita, mugitzeko eskatu die. "Beraiek nahi dutena esango dute, baina objektiboa dena eta erraz frogatu daitekeena da ez direla egon egoerak eskatzen zuen mailan. Kartak ezkutatu dituzte eta ez dute busti nahi izan. Beraiek pausoak ematen badituzte guk ere emango ditugu", zehaztu du.

Onda Vasca irrati kateari eskainitako elkarrizketan, Autogobernu lantaldean EH Bildurekin lorturiko ituna eta etorkizunezko Estatutuaren testu artikulatua idazteko talde parlamentarioek aukeratutako adituen izendapena izan ditu hizpide.

EAJk Mikel Legarda parlamentaria aukeratu du, Zuzenbidean lizentziatua eta Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoetan luzaroan aritua. Ortuzarrek Legardaren figura goraipatu du, 20 urte baino gehiago daramatzalako Estatutuari, Konstituzioaren aurkako helegiteei eta autogobernuaren defentsari lotuta. Halaber, elkarrizketarako talantea duela eta horregatik guztiagatik "hautagai bikaina" dela uste du.

Kataluniako egoerari dagokionez, Espainiako Gobernuak eta Generalitateak politika egiten hasi behar dutela iritzi dio: "Bakoitzak bere interesak defendatu ditzala, baina ez diezazkiotela ezinezko baldintzak jarri batak besteari.

Bestalde, ukatu egin du Kataluniako egoeraren aurrean EAJ "albora begira" jarri izana. Ildo horretan, jeltzaleek Kataluniako alderdi guztiekin hitz egiten dutela eta PDeCATek beraiengandik gertu daudela badakiela azpimarratu du.

Ortuzarren hitzetan, EAJk "argi" hitz egin du beti. Segur aski, katalanek ez zuten aldebakarreko bidea beste aukerarik izan, "aurrean ez zegoelako inor". Aurrera begira, elkarrizketa, malgutasun politikoa eta aurrera begirako ikuspegia behar dela nabarmendu du.

Datorren urteko Aurrekontuei begira, baikor agertu da Ortuzar, eta EAJk akordioak lortzeko "ahalegina" egingo duela adierazi du. Ildo horretan, iaz bidelagun izan zuen PPri eta ezker abertzaleari elkarrizketarako deia egiten jarraituko duela azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika EAJ-PNV Andoni Ortuzar bideoak Alderdi politikoak albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea EAEko Autonomia Estatutua