Politika -
FRANTZIA
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Barne ministroaren dimisioa onartu du
Gerard Collombek astelehenean aurkeztu zion dimisioa estatuburuari, baina hark, hasiera batean, ez zion onartu. Edouard Philippe lehen ministroak hartuko du behin-behinean haren tokia.
AGENTZIAK
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Gerard Collomb Barne ministroaren dimisioa onartu zuen atzo, azken orduan. Collombek astelehenean aurkeztu zion dimisioa, baina hasiera batean estatuburuak ez zion onartu. Atzo, ordea, Gobernutik ateratzeko asmoa berretsi zuen Collombek, eta azkenean Macronek onartu egin zion dimisioa. Barne ministro berria izendatu bitartean, Edouard Philippe lehen ministroak hartuko du behin-behinean haren tokia.
Ebra taldeko egunkariei eskainitako elkarrizketan, Lyongo alkate izan nahi duela berriro esan du Gerard Collombek. 2001etik 2017ra bitartean izan zen bertako alkate.
Gerard Collomb Frantziako sozialismoaren baroietako bat izan zen. Emmanuel Macronek 2016an Presidentetzarako kanpaina abiatu zuenean, ordea, bera izan zen babesten lehenetarikoa.
Uda honetan, baina, agerian geratu dira Macronen eta Collomben arteko desadostasunak, Macronen bizkartzain zen Alexandre Benallaren eskandaluaren inguruan, esaterako.
Eliseoko iturriek jakinarazi dutenez, gaur 10:00etatik aurrera egingo duten Ministro Kontseiluan ez du Gerard Collombek parte hartuko.