Politika -

Polizia frankista

'Billy el Niño' gonbidatu zuen komisarioari espedientea zabaldu diote

Madrileko Poliziaren Buruzagitza Nagusiak Jose Manuel Mariscal de Gante y Miron Ciudad Lineal barrutiko komisarioari diziplinazko espedientea zabaldu dio.

Antonio Gonzalez Pacheco 'Billy el Niño' Poliziaren Egunean, Ciudad Linealen. Irudia: EiTB
Antonio Gonzalez Pacheco 'Billy el Niño' Poliziaren Egunean, Ciudad Linealen. Irudia: EiTB
Antonio Gonzalez Pacheco 'Billy el Niño' Poliziaren Egunean, Ciudad Linealen. Irudia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Madrileko Poliziaren Buruzagitza Nagusiak Jose Manuel Mariscal de Gante y Miron Ciudad Lineal barrutiko komisarioari diziplinazko espedientea zabaldu dio, Antonio Gonzalez Pacheco, Billy el Niño, frankismoko Brigada Politiko Sozialeko inspektorea Poliziaren Egunera gonbidatzeagatik.

Billy el Niño ekitaldira joan zenaren berri izan ondoren, Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak ikerketa abiatzeko agindua eman dio Poliziaren Zuzendaritza Nagusiari, haren presentziaren arrazoiak argitzeko.

Jose Manuel Mariscal de Gante polizia-etxeko buruzagiak gonbit egin ziola egiaztatu ondoren, Poliziaren Buruzagitza Nagusiak diziplinazko espedientea abiatzea erabaki du, dagozkion erantzukizunak garbitzeko, erakundeak jakitera eman duenez.

Mariscal de Gantek meritu proben bidez lortu zuen Ciudad Lineal (Madril) barrutiko polizia-etxearen buruzagia izatea; ondorioz, konfiantza galera argudiatuta lanpostutik mugiarazterik ez dago.

Poliziako iturriek baieztatu dutenez, buruzagiak Billy el Niño gonbidatu zuen, Angeles Custodios zaindariaren ospakizunean parte hartzeko. Komisarioa Margarita Mariscal de Gante Justizia ministro ohiaren neba da.

Ospakizunera Poliziako zuzendari nagusia eta Madrileko Polizia Buruzagitza Nagusiko agintaririk joan ez zela erantsi dute iturriek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainia Eguneko albisteak Albisteak Frankismoa Memoria Historikoa