Politika -

TEDH

Estrasburgoren epaiak alderdiak harritu ditu, baina biktimek lasaitua hartu dute

EAJren hitzetan, sententzia “baliozkoa” da, baina alderantzizko irakurketa “zuzenagoa” litzatekeela uste du. Sarek “kezka” agertu du.

Zaballako kartzela (Araba). Artxiboko irudia: EiTB
Zaballako kartzela (Araba). Artxiboko irudia: EiTB
Zaballako kartzela (Araba). Artxiboko irudia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainiako Justiziari arrazoia eman dio gaur, ETAko hiru presok Frantziako kartzeletan igarotako denbora zigorrei ez kentzeagatik. Epaiak ezustean harrapatu ditu gehienak, baina terrorismoaren biktimek lasaitua hartu dute.

Parot doktrina bertan behera utzi zuela bost urte bete direnean, Europako Auzitegiak hiru presori babesik ez ematea erabaki du oraingoan; ondorioz Auzitegi Gorenaren eta Konstituzionalaren doktrinari bultzada eman dio. Hala ere, 10:00ak aldera erabakiaren berri eman dutenean, “ustekabea” hitza errepikatuenetarikoa izan da.

Epaia “baliozkoa” dela esan du Aitor Esteban EAJren Kongresuko bozeramaileak, baina alderantzizko irakurketa “zuzenagoa” litzatekeela uste du.

Dena den, jeltzaleek legez besteko proposamen bat aurkeztuko dutela iragarri du Estebanek Bozeramaileen Batzordea bildu baino lehen. Zigor metaketen “aldeko irakurketa” bat egitea eskatuko du EAJk, Frantziako espetxeetan igarotako urteak zigorretik kentzeko.

“Zigorrak luzatzeko eta presoen askatasuna oztopatzeko, Espainiako Estatuak diseinatu duen ingeniaritza juridikoa” salatu du EH Bilduk, epaiaren berri izan ondoren. Koalizioaren ahotan, “euskal presoen gaia mendeku parametroetan ulertzen dutenek bakarrik txalotu dezakete” Erabakia.

Estrasburgoko Auzitegiaren sententzia espero zutena ez dela adierazi du koalizioak agiri batean, are gehiago, “garrantzizko iritzi juridikoak edo Europako Batzordearen Justizia komisarioaren adierazpenak entzun ondoren”. EH Bilduren esanetan, “Frantzian betetako zigorrak Espainiako Estatuan kontuan izan behar dira; funtsezko printzipio bat eta guztiz logikoa ematen du”.

Europako Auzitegiak “Espainiako Erresuma zigorren kenketa modu egokian eta Europako zuzenbidearekin ados” egiten ari dela esatea “albiste positiboa” dela uste du Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak.

Sententzia “osotasunean” irakurtzeko aukera izan ez duela azaldu du Mendiak Bilbon. Ondorioz, “iritzi oso sakonik” eman ezin dezakeela erantsi du buruzagi sozialistak.

 

Sare: "Epaiak sufrimendua areagotzen du"

 

Epaia Espainiako Justiziaren funtzionamendua zalantzan jartzen dutenentzako mezu bat dela uste du Alfonso Alonso Euskadiko PPren presidenteak.

“Espainian Justiziaren funtzionamendua etengabe zalantzan jartzen dutenentzako mezu bat da; ongi funtzionatzen duelako, bermeak dituelako, giza eskubideak defendatu eta legea egoki aplikatzen duelako”, azpimarratu du Alonsok Gernikan.

Dolors Montserrat PPren Kongresuko bozeramaileak azaldu duenez, bere alderdiarentzako eta biktimentzako “egun handia” da, Europako Auzitegiak espetxe “egun bakar bat ere murriztuko” ez dela erabaki duelako.

Terrorismoaren biktimen elkarteek itxaropen gutxi zuten, gehienetan Europako Auzitegiak presoen helegiteak babestu izan dituelako.

Baina gaur poza zen nagusi kolektiboan, eta horrela azaldu dute AVTk, Covitek eta Dignidad y Justiciak. Maria Elosegui epailea auzitegian egoteak erabakiarekin “zerikusia” izan duela aditzera eman du Mari Mar Blanco Terrorismoaren Biktimen Fundazioko presidenteak. Elosegui Mariano Rajoyren Gobernuak proposatu zuen.

“Oraingoan ongi lan egin da Espainiatik. Estatuko Abokatutzak Auzitegi Gorenaren argudioak ongi azaldu ditu”, adierazi du Maite Araluce AVTko presidenteak. “Gure Estatua, ordenamendu juridikoa eta arrazoia” Estrasburgon defendatu dituztela nabarmendu du Covitek agiri batean.

Bestalde, Sare herritarra epaiarekin “kezkaturik” agertu da. Erabakiak “sufrimendua areagotzen” duela ziurtatu du.

Nahiz eta ebazpena “aldekoa” dela ulertu, irakurketa “espero zutena ez” dela onartu du Sarek agiri batean, “giza eskubideen urraketa bermatu dutelako”. “Oinarri berarekin estatu ezberdinetan betetako zigorrak aintzat hartzeko aukera ukatzen du epaiak, ondorioz, euskal presoek bi aldiz bete beharko dute zigorra, nahiz eta sententziak prozesu judiziala okerra izan zela onartu”, azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Europar Batasuna Europa Presoak ETA EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Espetxeak Terrorismoaren Biktimak Giza Eskubideen Europako Auzitegia