Politika -
Audio berriak
Arenasi buruzko txostena eskatu zion Cospedalen senarrak Villarejori
Gürtel auziaz eta Lan ministro ohiak Barcenasekin eta Galeoterekin zuen harremanaz ari dira hizketan Villarejo eta Cospedalen senarra Moncloa.com-ek zabaldutako zortzi audio berrietan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Jose Manuel Villarejo komisario ohiaren, Maria Dolores de Cospedalen eta azken honen senarraren (Ignacio Lopez del Hierro) arteko elkarrizketa zatiak zabaldu ditu Moncloa.com webguneak. Audio horietan argi geratzen da PPko idazkari nagusi ohiak izugarrizko jakin-mina zeukala Javier Arenasek Europar Ikasketen Fundazioan betetzen zuen paperaren inguruan. Izan ere, Lopez del Hierrok horri buruzko "ordaindutako txostena" eskatu zion komisario ohiari.
Hain zuzen ere, Villarejoren eta Cospedalen senarraren arteko elkarrizketak jasotzen dituzten zortzi audio zabaldu dituzte. Gainera, 2009ko uztailaren 21ean PPren Genovako egoitzan izandako bilerari buruzko informazioa ere bildu dute horietan.
Gürtel auziaz eta Lan ministro ohiak Luis Barcenasekin eta Gerardo Galeote eurodiputatu ohiarekin zuen harremanaz hitz egiten dute audioetan.
"Arenas... berriemailea da, informazioa isilean ematen du... Argi dago, beraz, Luis Barcenasen alde dagoela", esaten du komisario ohiak Lopez del Hierrorekin izandako lehenengo solasaldian."
"Hor dago negozioa", dio Villarejok Arenasen fundazioari buruz mintzatzerakoan. Moncloa.com-ek zehaztu duenez, Cospedalekin bildu baino egun bat lehenago izan zuten elkarrizketa hori.
Bestalde, Genovako egoitzan izandako hitzordu horretan hauxe entzuten da: "Barcenasen zenbait kontuk frogatzen dute Arenasekin eta ...ekin negozioak egiten ari dela". Une horretan bertan "Galeote" aipatzen du PPren buruzagi ohiak.
"Galeoterekin", dio Villarejok. "Fundazio horretan..." berbak dira geroago esaten dituenak, baina PPko idazkari ohiak eta komisario ohiak ez dute fundazioaren izena gogoratzen. Alabaina, Moncloa.com-ek zehazten du PPk berak 1994an sortutako Europar Ikasketen Fundazioaz ari direla.
Cospedalek dio ez ziola Villarejori ezer ordaindu
Azken audio horien harira, Maria Dolores de Cospedalek baieztatu du ez ziola komisario ohiari ezertxo ere ordaindu, Villarejoren aldetik ez zuela informaziorik jaso, eta bere "eginbeharra" bete besterik ez zuela egin.