Politika -

MEMORIAREN EGUNA

'Dispertsioak hildako 16 pertsonen memoria eta aitortza' aldarrikatu ditu Etxeratek

"Noizko dispertsioak hildako 16 senideen aitortza?" zioen pankartaren atzean, hainbat senide elkartu dira Gasteizko Legebiltzarraren aurrean, eta "memoria inklusibo, garden eta argia" eskatu dute.

Urtzi Errazkin Etxerat elkarteko bozeramailea, gaur, Gasteizen. Argazkia: EiTB
Urtzi Errazkin Etxerat elkarteko bozeramailea, gaur, Gasteizen. Argazkia: EiTB
Sakabanaketa politikaren biktimen aitortza aldarrikatu du Etxeratek

0:40

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Memoriaren Eguna dela eta, hainbat ekitaldi antolatu dira larunbat honetan Euskal Autonomia Erkidegoan. Gasteizen, Legebiltzarraren atarian, elkarretaratzea egin du 10:00etan Etxerat euskal presoen senideen elkarteak, dispertsioaren ondorioz hildako pertsonen "memoria eta aitortza" aldarrikatzeko.

"Noizko dispertsioak hildako 16 senideen aitortza?" zioen pankartaren atzean, hainbat senide elkartu dira, eta handik gutxira Legiltzarrean egitekoa zen biktimen omenezko ekitaldian "biktima batzuk falta direla" salatu dute, "horien artean dispertsio politikak eragindako 16 biktimak".

"Dispertsio politikak eragin dituen 16 biktimen memoria eta aitortza aldarrikatzen dugu, haiek toki eta egoera horretan egotera behartu zituzten salbuespenak dispertsioak eragin baitzituen" adierazi du Urtzi Errazkin bozeramaileak komunikabideen aurrean: "Ez zuten bertan egon behar, ez zuten bidaiarik egin behar, ez zuten beharrezkoak ez ziren arriskuak hartu behar, baina bisita eskubidea bermatu ahal izateko dispertsioa politikak ezarri zien salneurri eta bidesaria izan zen".

Konponbidearen bidean ezinbestekoa dela "gatazka politikoaren biktima guztien aitortza, salbuespenik gabe" aldarrikatu du Errazkinek. Etxerateko bozeramaileak argi du "sufrimendua eta biktimen arteko kategorizazioa, ez ikusiarena egitea eta mespretxatzea (…) bide horretan traba egitea" dela. Hala, bakea eta bizikidetza egoera egonkor batetik eraikitzeko "memoria inklusibo, garden eta argia" eskatu du, eta "memoria integral" horretan, 16 hildako horiek aintzat hartzea.

EH Bilduko legebiltzarkideek 16 arrosa txuri eman dizkiete presoen senideei eta bat egin dute elkarretaratzearekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Presoak Eguneko albisteak Eguneko albisteak