Politika -
Kritikak lehendakariari
EAJ: 'Lopezek ez dio Sorturi kasurik egin, dena besteen esku utzita'
Bestalde, buruzagi jeltzaleak iragarri du EAJ, alderdi bezala, ez dela joango Sortu legeztatzearen aldeko manifestaziora.
Erredakzioa
Andoni Ortuzar EAJko BBBko presidentearen hitzetan, Patxi Lopez lehendakariak ez du bere gain hartu "uneak eskatzen" duen buruzagitza, eta ez dago Sorturi jaramonik egiteko prest, izan ere, "Madrilgo terrorismoaren aurkako itunaren postulatuei" makurtu egin da, hori gainditu ordez.
Gidari jeltzalearen arabera, atzo ETB-2ko elkarrizketan lehendakariak "buruzagitzari" uko egin dio EAEn aurkeztutako aukera berriaren aurrean.
Ortuzarren esanetan, Jesus Eguiguren PSEko presidenteak "aurrera pauso bat ema zuen astelehenean esandakoarekin, eta lehendakariak bi pauso atzera eman zituen atzo dena beste batzuen eskuetan utziz".
Alderdiekin "elkarrizketa konstruktiboa" izateko aukerari uko egitea, hauteskundeetako parte hartzearen erabakia "epaitegien esku" utzi izana, Brian Currinen taldearen lana erdeinatu izana eta alderdi berriari jaramon egiteko prest ez egotea leporatu dio Ortuzarrek patxi Lopezi.
Bestalde, buruzagi jeltzaleak iragarri du EAJ, alderdi bezala, ez dela joango larunbatean Sorturen legalizazioaren alde egitekoa den manifestaziora, eurek deitutakoetara baino ez dira joaten eta.
Hori bai, afiliatuei askatasuna emango diete martxara joan edo ez erabakitzeko.