Politika -
Euskobarometroa
EAJk irabaziko lituzke EAEko hauteskundeak, eta PSErekin gehiengoa osatuko luke
Jeltzaleek 31 ordezkari lortuko lituzkete, hiru igota, eta edozein alderdirekin gobernua osatzeko aukera lukete — EH Bildu (18), PSE-EE (11), Podemos (7) edo PP (7)—, Ciudadanosekin (1) izan ezik.
Agentziak | Erredakzioa
EAJk Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak irabaziko lituzke orain egingo balira, 31 ordezkarirekin, orain dituenak baino hiru gehiago, Euskobarometroaren datuen arabera. Edozein alderdirekin gobernua osatu ahal izango lukete jeltzaleek, Ciudadanosekin izan ezik. Ordezkari bakarrarekin sartuko litzateke.
EH Bilduk bigarren postua mantenduko luke, orain duen kopuru berarekin: 18 parlamentari. PSE-EEk bi ordezkari egingo luke gora, 11raino, eta hirugarren postua lortuko luke. Elkarrekin Podemosek hirugarrenetik laugarrenera egingo luke behera, lau ordezkari galduta, 7rekin. PPk ere 7 lortuko dituzte, bi galduta, eta Ciudadanos Legebiltzarrean sartuko litzateke, Araban parlamentari bat lortuta.
Emaitza hauekin, EAJk Gobernua osatu ahal izango luke EH Bildu, PSE-EE, Elkarrekin Podemos zein PPrekin. Gainera, jeltzaleen eta sozialisten arteko oraingo exekutiboaren gehiengoa indartuko litzateke, erabateko gehiengoa lortuta. Gaur egun, parlamentari baten faltan daude.
Balizko emaitzak
EAJk 380.000 boto (% 38,3) eta 31 aulki eskuratuko lituzke, lehenengo postua sendotuta Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetan. Orain dituen baino 3 parlamentari gehiago lortuko lituzke.
EH Bilduk 230.000 bozka (% 23,1) eskuratuko lituzke, bigarren postua mantenduta, gaur egun duen eserleku kopuru bera errepikatuta (18 aulki). Gauzak horrela, bigarren tokia mantenduko luke Bizkaian eta Gipuzkoan, eta Araban PPri lehiatuko lioke.
PSE-EEk hirugarren postua errekuperatu ahalko luke, 130.000 boto baino gehiago (% 13,5) eta 11 eserleku lortuta. Bi eserleku egingo luke gora, eta horrek Exekutiboaren gehiengoa indartuko luke. Bizkaian hirugarren postua ziurtatuko luke, eta Gipuzkoan ere lortzeko aukerak lituzke, baina Araban laugarren geratuko litzateke.
Elkarrekin Podemosek emaitza txarragoak lortuko lituzke, botoen % 10,3 jasota (100.000) eta zazpi eserleku lortuta. Hirugarren postua utziko luke, beraz, lau aulki galduta eta lurralde guztietan atzera eginda.
PPk botoak galtzen jarraituko luke EAE osoan, bosgarren postuan jarraituta zazpi aulki eta botoen % 8,2rekin (80.000 boto inguru). Araban bigarren postua lehiatuko lioke EH Bilduri, baina Bizkaian eta Gipuzkoan azken tokian geratuko litzateke, bi eserleku galduta.
Azkenik, Ciudadanos Legebiltzarrean sartuko litzateke, Araban eserleku bat lortuta. Botoen % 3 jasoko luke (30.000).
Zatitutako Legebiltzarra eta mobilizazio txikia hautesleengan
Datu hauekin, sei alderdi egongo lirateke Eusko Legebiltzarrean, "gehiengo abertzale zabalarekin". Ezkerreko gehiengoa, aldiz, ez litzateke hain sendoa izango, eta indar autonomistek zertxobait hobetuko lukete, Euskobarometroaren egileen arabera.
Parte-hartzea % 60tik behera izango litzateke. Galdetutakoen % 75ek botoa erabakita dutela diote.
Euskobarometroaren arabera, hauteskunde egoera aldakorra da, neurrian, eta mobilizazioa baxua da eta zatiketa, handia. Zalantzatiak % 19 dira. Beraz, Legebiltzarra zatitua eta plurala izango litzateke, batez ere, ezkerrean.
Francisco Jose Llerak zuzendutako EHUko Politika Zientzia sailak egin du ikerketa. 1.200 elkarrizketa egin dituzte EAEn, urriaren 15etik azaroaren 9ra.