Politika -
ANDALUZIA
Susana Diaz ez da inbestidurara aurkeztuko
PPk akordioa lortu du Ciudadanosekin eta VOXekin Juanma Moreno Andaluziako Juntako presidente izateko. Orain arte Andaluziako presidente izan dena, berriz, oposizioko buru izango da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Andaluziako Alderdi Sozialistak uko egin dio Susana Diaz hautagaia inbestidurara aurkezteari.
PPk Juanma Moreno hautagai 'popularra' Andaluziako Juntako presidente izendatzeko Ciudadanosekin eta VOXekin lorturiko akordioaren ondotik etorri da PSOEren erabakia. Iturri sozialisten esanetan, Susana Diaz "oposizioko buru" izango da legegintzaldi berrian.
"Eskuinak eta ultraeskuinak akordio bat sinatu dute eta, bistan denez, guri dagokigu oposizioa gidatzea eta, jakina, Susana Diazek egingo du hori", adierazi du Mario Jimenez PSOEk Andaluziako Juntan duen bozeramaileak Marta Bosquet (Ciudadanos) Parlamentuko presidentearekin egin duen bileraren amaieran.
Marta Bosquet Andaluziako Parlamentuko presidenteak Alderdi Sozialistarekin abiatu du inbestidurara begira alderdien jarrera ezagutzeko bilera-erronda.
Bilerak 15 minutuko iraupena izan du eta sozialisten aldetik Mario Jimenez bozeramailea eta Juan Cornejo Antolakuntza idazkaria joan dira.
Dena dela eta azkenean Juanma Morenok babes nahikorik lortuko ez balu, sozialistek ez dute baztertzen "erantzukizuna" beren gain hartu eta Susana Diezen hautagaitza aurkeztea.