Politika -

Andaluzia

Juanma Moreno izendatu dute Andaluziako Gobernuko presidente

Ciudadanosen eta Voxen babesarekin, Alderdi Popularrak boterea hartu eta aldaketa politiko historikoa gauzatu du Andaluzian.

Juanma Moreno inbestidura saioan. Argazkia: EFE
Juanma Moreno inbestidura saioan.
Juanma Moreno inbestidura saioan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juanma Moreno (PP) izendatu dute Andaluziako Gobernuko presidente, espero bezala, Ciudadanosen eta Voxen babesari esker.

Andaluziako Parlamentuan egindako inbestidura saioan, lehen bozketan, 59 boto jaso ditu alde Morenok, Alderdi Popularreko (26), Ciudadanoseko (21) eta Voxeko (12) diputatuenak, hain zuzen ere.

Alderdi Sozialistak eta Andaluzia Aurrera koalizioak (Podemos eta IU), berriz, Morenoren izendapenaren aurka bozkatu dute. Guztira, 50 izan dira kontrako botoak.  

Gauzak horrela, Alderdi Popularrak, Ciudadanosen eta Voxen babesarekin, boterea eskuratu eta aldaketa politiko historikoa gauzatu du Andaluzian, 36 urte eta gero Alderdi Sozialista oposizioan egongo baita aurrerantzean.

PPk Ciudadanosekin batera gobernatuko du. Alderdi Popularrak sei kontseilaritza zuzenduko ditu eta Ciudadanosek bost, baina Juan Marin alderdi laranjaren buruzagia izango da Gobernuko presidenteordea.

Juanma Morenok ostiral honetan hartuko du presidente kargua, Andaluziako Parlamentuan, 12:00etan, egingo den ekitaldian. PPko hainbat buruzagi izango dira bertan, hala nola, Pablo Casado, Mariano Rajoy eta Soraya Saenz de Santamaria.

Morenok datorren astelehenean jakinaraziko ditu bere Gobernuaren osaketa zein izango den. Lehen gobernu-bilera urtarrilaren 25ean, Antequeran (Malaga), egingo dutela iragarri du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Andaluzia Politika PP Ciudadanos Eguneko albisteak Albisteak Vox