Politika -
NAFARROAKO PARLAMENTUA
Ahal Dugu-Orain Bai taldeko kanporatzeak bertan behera gelditu dira momentuz
Nafarroako Parlamentuko Mahaiak legelarien txosten juridikoaren irizpidea jarraitu du eta forma akatsak daudela ebatzi du. Orain, 10 eguneko epea eman dio Orain Bai taldeari akatsa zuzentzeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroako Parlamentuko Mahaiak momentuz bertan behera utzi du Ahal Dugu - Orain Bai taldeko hiru parlamentari kanporatzeko (Mikel Buil, Tere Saez eta Ainhoa Aznarez) Carlos Couso taldeko bozeramaileak egindako eskaria, forma akats bat tarteko.
Mahaiak legelarien txosten juridikoaren irizpidea jarraitu du. Horren arabera, ez da nahikoa Orain Bairen aldetik parlamentari horiek kanporatzen dituela jakinaraztea. Horretarako, beharrezkoa da gai horri jorratzeko talde parlamentarioaren bilera ofizial bat deitzea eta erabaki hori jasotzen duen bileraren akta egitea.
Parlamentuko Mahaiak 10 eguneko epea eman dio eskaera egin zuen Orain Baiko bozeramaileari, akatsa zuzentzeko. Dena den, txostenak dioenari jarraituz, ez dirudi dokumentu horiek aurkeztuta ere kontua argituko denik. Legelarien arabera, Parlamentuko Araudian lege hutsunea dago gai horretan. Egoera horren aurrean, Toki Araubidean jasotzen den transfugen aurkako legea aplikatzea iradokitzen du. Kasu horretan, Orain Baiko lau parlamentariak (Carlos Couso, Laura Perez, Fanny Carrillo eta Ruben Velasco) lirateke kanporatuak eta ez Ahal Duguko hirurak (Mikel Buil, Tere Saez eta Ainhoa Aznarez).
Taldeko bozeramaileak, Carlos Cousok, Aznarez, Saez eta Buil botatzeko idatzi bat erregistratu zuen abenduaren 20an.
Gero, urtarrilaren 3an, parlamentari horiek Cousoren idatzia atzera botatzeko beste eskaera bat aurkeztu zuten. Testuan, taldean jarraituko zutela baieztatzen zuten, eta Couso, Velasco, Perez eta Carrilo talderik gabeko multzora pasatzea adostu zutela esaten zuten.
Testuinguru horretan, Mahaiak eta Bozeramaileen Batzordeak Parlamentuko zerbitzu juridikoei txosten bat eskatzea adostu zuten, beste erabakirik hartu baino lehen. Gaur legelarien aholkua jarraitzea erabaki du Mahaiak.