Politika -
Auzitegi Gorena
Gorenak martxoaren 21ean aztertuko ditu Sorturen kontrako salaketak
61. Aretoak saio publikoa egitea onartu du Fiskaltzaren eta Estatuko abokatuaren salaketak aztertzeko. Ezker abertzalearen alderdi berria erregistroan ez sartzea eskatu zuten.
Erredakzioa
Auzitegi Goreneko 61. aretoak saio publikoa egingo du martxoaren 21ean Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak Sorturen kontra aurkeztutako salaketak aztertzeko. Ezker abertzalearen alderdi berria Barne Ministerioaren erregistroan ez sartzea eskatu zuten.
Fiskaltzak egindako eskaria onartu du horrela Auzitegi Gorenak, izan ere, ez Sortuk ez Estatuaren abokatuak ez zuten eskatu saio publikoa egitea, Goreneko iturriek azaldu dutenez.
Saio hori martxoaren 21ean izango da, 10:30ean, eta alde guztiek pate hartu ahal izango dute.
Alegazioak, aztergai
Auzitegi Goreneko 61. Aretoko hamasei epaileak gaur bertan bildu dira Sortuk atzo aurkeztu zituen alegazioak aztertzeko. Ezker abertzalearen alderdi berriak Estatuko Abokatutzak eta Fiskaltzak aurkeztutako salaketak atzera botatzea nahi du.
Sortuk legalizazioak ETAren desagerpena "azkartuko" duela argudiatu du alegazioetan, izan ere, "Sorturen estatutuek indarkeriaren kulturaren desagerpena sustatzen dute euskal gizartean".
Epaileek Fiskaltzaren eskakizunaz erabakia hartu behar dute, hau da, Sortu alderdi politikoen erregistroan sartu ala ez erabaki behar dute.
Sorturen kontrako salaketei buruzko ebazpena maiatzaren 22ko hauteskundeak baino lehenago emateko, Gorenak hiru asteburu baliodun izendatu ditu.